Energia berriztagarriak, euskal «petro-nazioa» Trumpen katetik askatzeko giltza

Stop Fosilak plataformaren ustez, nahitaezkoa eta presazkoa da erregai fosilak berriztagarriekin ordezkatzea. Euskal Herriak erregai fosilekin duen menpekotasuna oso handia izanik, uste dute azpiegitura fotovoltaiko eta eoliko handiak ere behar direla.

Tuterako parke eoliko bat. BERRIA
Tuterako parke eoliko bat. BERRIA
kristina martin
2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erregai fosilekiko erabateko menpekotasuna duen gaur egungo energia eredua akituta dago. Klima larrialdiaren ondorioak bete-betean pairatzen ari gara, eta etorkizunean okertu egingo da egoera. Eraldaketa nahitaezkoa da, eta arin egin behar da. Hori da Stop Fosilak plataforma sortu berriak egiten duen diagnostikoa, eta honako hau da horri irtenbidea emateko haren proposamena: erregai fosilak lurpean uztea eta energia berriztagarriekin ordezkatzea. Euskal Herrian, baina, ez dago trantsizio hori emeki egiteko baldintzarik, petrolioarekin eta gasarekin duen menpekotasuna itzela baita. Abiapuntu zaila eta erlojua ere kontra izanda, uste dute ezin dela trantsizio perfektuaren zain geratu. Datuei begira, ondorioztatu dute autokontsumorako azpiegitura txiki eta ertainek sortzen dutena osatzeko, ezinbestean, azpiegitura handi batzuk ere behar direla.

Stop Fosilak mugimendua sortu berria da, Irango gatazkak sortutako energiaren krisialdiaren testuinguruan. Herritarrei bi mezu helarazi nahi dizkiete: batetik, Euskal Herriak erregai fosilekiko duen menpekotasuna oso handia dela, eta, bestetik, menpekotasun hori gainditzeko energia berriztagarrien aldeko trantsizioari ekiteko premia dagoela.

Plataformak Euskal Herria energia burujabetzarantz izenburua duen proposamena xehatu zuen atzo Hernanin egindako aurkezpen jardunaldian: «Trantsizio justu eta azkar baterako oinarriak» plazaratu zituzten Biteri kultur etxean. Trantsizio hori lortzeko, hain zuzen ere, helburu zehatzak jarri zituzten mahai gainean: energia kontsumoa %45 murriztea, erregai fosilak iturri berriztagarriekin ordezkatzea, eta kontsumitzen den energiaren erdia hemen sortzeko gai izatea. Horretarako ortzi muga 2050. urtea da.

«Euskal Herria 'petro-nazio' bat da. Kontsumitzen dugun energiaren %80 inguru erregai fosilak dira»

GORKA LAURNAGA Stop Fosilak plataformako bozeramailea

Gaur egungo egoera ikusita, erronka anbiziotsua dirudi, Euskal Herrian erregai fosilekiko menpekotasun oso handia baitago: «Euskal Herria petro-nazio bat da. Kontsumitzen dugun energiaren %80 inguru erregai fosilak dira», adierazi du Gorka Laurnaga plataformako bozeramaileak. Erregai fosilak dira, batez ere, petrolioa eta gas naturala, eta horien %100 inportatuak dira. Elektrizitatea, beraz, energia kontsumo osoaren laurdenera ez da iristen, eta kopuru txiki horretatik %27 soilik ekoitzi zen tokian tokiko berriztagarriak erabiliz —kontsumitzen den energia osoaren %5 inguru—.

Stop Fosilak taldeak egoera hori iraultzea proposatzen du: 25 urtean %5eko hori hamar bider handiagoa izatea, eta Euskal Herriak duen energiaren erdiaren beharra, beraz, hemen ekoitzitako energia berriztagarriekin betetzea. Hori lortzeko, baina, nahitaezkoa da trantsizio energetikoari ekitea, eta bizkor, gainera, plataformaren iritziz. Bi gako aipatzen dituzte: desazkundea —hau da, kontsumoa murriztea—, eta berriztagarrien aldeko apustu irmoa.

Nola lortu, ordea, gaur egungo kontsumoa ia erdira jaistea? «Gutxiago kontsumitzea eta teknologikoki eraginkorragoak izatea» dira energia kontsumoa %45 murrizteko giltza nagusiak. Eraginkortasuna lortzeko elektrifikazioa proposatzen dute. Laurnagak azaldu duenez, «fosilekin alderatuta, sistema elektrikoa gutxienez heren bat edo bi heren eraginkorragoa da». Adibideak eman ditu: aerotermia sistemak gas galdarak baino %60 gutxiago kontsumitzen du. Antzerako aurrezpena dute ibilgailu elektrikoek errekuntzako motorra dutenen aldean.

Teknologiaz gain, ohituretan eragitea ere funtsezkoa da. Hori bereziki gaitza dela aitortuta ere, hainbat lekutan horren aldeko politikak jarri dituzte martxan, eta, beraz, posiblea dela erakusten dute: «Garraioarekin lotutako politikak abian dituzte jada herrialde eta hiri ugaritan. Ez da zientzia fikzioa», ohartarazi du Laurnagak.

«Garraioa da Euskal Herrian dugun zulo beltz handiena», baietsi du. Gogorarazi duenez, azken urteetan beste sektoreetan —industrian, esaterako— CO2 isuriak murriztu dituzte elektrifikazioari esker, baina «garraioan, aldiz, gora doaz». Stop Fosilak mugimenduaren proposamena da garraioan gastatzen den energia %63 murriztea. Horretarako neurriak, besteak beste, honako hauek dira: auto pribatu gutxiago erabiltzea, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera indartzea, abiadura mugatzea, autoa partekatzea eta autoak txikiagoak izatea —gutxiago kontsumitzen dute—.

Beste herrialde batzuetan jada martxan daude horrelako neurri batzuk: «Parisen, adibidez, ehunka kale jarri dituzte oinezkoentzat, kale horiek birnaturalizatu dituzte, eta SUV moduko auto handiak hirigunean aparkatzeko tasak asko igo dituzte». Bizikletaren erabilerari dagokionez, Laurnagak goretsi du Kopenhagen eta Herbehereetako hiri batzuetan hartutako neurrien arrakasta: «Hango mugikortasunak eta hemengoak ez dute zerikusirik».

Erresistentzia aldaketari

Nolanahi ere, ohituretan eragiten duten neurriek beti sortzen dute erresistentzia. Nola egin ahal zaio aurre horri? «Hasieran sortzen dute erresistentzia, baina behin eginda, inork ez du atzera bueltatu nahi. Jendea aldaketak egiten konbentzitzeko etikoki arduratsuagoa dela esatea baino eraginkorragoa da ohartzea pertsonalki ere haientzat onuragarria dela», argudiatu du.

Adibide bat jarri du: «Pertsona batek garraio publikoan edo bizikletaz lanera joateko labirinto baten ibilbidea egin behar badu, eta autoz baino ordu bat geroago iristen bada, nahiago izango du autoz joan. Baina bizikletaz joatea arinagoa baldin bada, eta erosoagoa, orduan jendeak hori hautatuko du». Laurnagaren iritziz, «jendeak badu hein handi batean gauzak modu ekologikoaren alde egiteko borondatea, baina gure ekonomia eta hiriak egituratu ditugun moduak anitzetan ez du hori errazten».

Haren esanetan, «gaur egungo sistema kontsumistak ez gaitu zoriontsuago egiten». Erantsi duenez, onura dakarten faktoreak dira, berriz, gure komunitatea, harreman sozial onak eta ingurumen osasuntsua izatea. «Errepidez eta autoz betetako lekuak ez dira guretzat onuragarriak».

Herritarrek baino erresistentzia irmoagoa kapitalak jartzen du: «Europan, adibidez, erregai fosilen lobbyaren eraginez ari da atzeratzen konbustio autoen debekua». Laurnagaren ustez, kapitalismoaren lobby indartsuenetakoa osatzen dute petrokimika, gas eta auto ekoizleen enpresek, eta horiek ari dira indar handiz «trantsizio energetikoaren kontra». Zergatik eta lurpean dagoen aberastasuna lur gainean dagoenaren parekoa delako.

Fosilak eta eskuin muturra

Stop Fosilak plataformaren iritziz, enpresa handiek eta horiek babesten dituzten agintariek beti «boikotatu» izan dute berriztagarrien aldeko trantsizio energetikoa, haien interesei kalte egiten dielakoan. Haien jarreraren errepasoa egin du: «Hasieran, klima larrialdiaren negazionismoa izan zen; gero, zuriketa berdea etorri zen, eta, 2020az geroztik, oldarraldi fosilista hasia da».

«Oldarraldi fosilista» horren ikur nagusia dira AEBak: «Haien segurtasuna erregai fosilen hornidura ziurtatzearekin lotzen da. Botere estrategia horren barruan dago Errusia eta Iran baztertu nahi izatea, «Europari bere gas naturala saltzeko». Uste du Euskal Herria ataka horretan dagoela: «Trumpen eskuetan gaude, erabat».

«Berriztagarriak zabaltzen badira, AEBei negozioa amaituko zaie; Ormuz itxi dezakete, baina ezin dute eguzkia estali eta haizea gelditu»

GORKA LAURNAGA Stop Fosilak

Energia berriztagarriak dira, Stop Fosilak taldearen ustez, AEBen armiarma saretik ateratzeko bidea. Argudioak eman dituzte: «Erregai fosilak oso esku gutxitan daude: toki gutxi batzuetan, herrialde gutxi batzuetan, enpresa gutxi batzuetan eta merkatuak batez ere AEBek kontrolatzen du. Hidrokarburoekin salerosten dugunean, AEBei egiten diegu mesede». Munduko populazioaren %76k inportatu behar ditu erregai fosilak. Horregatik, «munduaren hiru laurdenek dute AEBekiko menpekotasun fisikoa».

Energia berriztagarriak, berriz, munduko txoko guztietan daude eskuragai: haizea eta eguzkia nonahi dago. «Partida nork kontrolatzen duen, horixe aldatzen du», azaldu du Laurnagak. «Berriztagarriak zabaltzen badira, AEBei negozioa amaituko zaie; Ormuz itxi dezakete, baina AEBek ezin dute eguzkia estali eta haizea gelditu», argudiatu du.

Eta horren ondorio zuzena da, Stop Fosilak mugimenduaren aburuz, gerrak egiteko arrazoiak ere murrizten direla. «Energia leku guztietan sor badaiteke, kontrolerako tresna hori galtzen da. Gerra testuinguru honetan, energia berriztagarriak dira bakeranzko pauso bat».

Euskal Herriari dagokionez, Laurnagaren iritziz, «energia azpiegiturak gure lurraldera ekartzea aurrerapauso bat izango litzateke burujabetza eta demokratizazioa lortzeko». Hala ere, ez du uste gaur egungo agintariak bide horretan ari direnik. Haren ustez, bultzada bat eman behar zaie, nork eta herriak: «Manifestazioak egin behar dira instituzio publikoei energia berriztagarriak eta publikoak eskatzeko».

«Autokontsumorako azpiegitura txikiak ez dira nahikoak»

Euskal Herriak duen kontsumoa aintzat hartuta, eta eskaera ia erdira murriztuta ere, behar hori guztia berriztagarriekin asetzea ez da erronka makala, gaur egun daudenak baino azpiegitura nabarmen gehiago beharko liratekeelako. Stop Fosilak plataformak adierazi duenez, erregai fosilekiko menpekotasuna gainditzeko, energia berriztagarrien ekoizpen askoz handiagoa beharko litzateke. «Autokontsumorako azpiegitura txikiak ez dira nahikoak».

Gorka Laurnagak azaldu duenez, «euskal herritarrek batez beste 40 megawatt-ordu kontsumitzen dute. Egungo kontsumoa erdira jaitsita ere, jauzi handia dago oraindik. Oinarrizko beharrak —ospitaleak funtzionatzeko, esaterako— ez ditu asetzen». Azaldu dutenez, horrek talka egiten du beste mugimendu ekologista batzuek eta azpiegituren aurkako herri plataformek salatzen dutenarekin: halako instalazioek paisaiari eta ingurumenari kalte egiten dietela. 

Laurnagaren esanetan, «oposizio faltsu bat sortu da: berriztagarriak versus natura eta nekazaritza. Baina ez dago horri nondik heldu: bioaniztasunaren galeraren kausa nagusia nekazaritza eta basogintza industrialak dira. Eta, gutxi barru, klima aldaketa izango da arriskurik handienetan bigarrena». Gainera, plataformaren kalkuluen arabera, berriztagarrien azpiegitura horiek lurraldearen %1-2 artean hartuko lukete: «Hori ez da bateraezina ez nekazaritzarekin, ez beste erabilerekin. Osagarriak izan daitezke; agrovoltaikoaren kasuan, adibidez». 

Stop Fosilak taldeak egiten duen hausnarketa zera da: «Neoliberalismoko urteotan ez da pausorik eman, eta orain urgentziaz egin behar dira aldaketak. Oreka ariketa bat egin beharko da, pragmatismo eraldatzailea».

 

Nola konbentzitu, baina, azpiegiturak jarriko dituzten herrietako biztanleak? «Jende gehiena dago berriztagarrien alde. Gatazka sortzen da baldintzen gainean», azaldu du. «Gure ustez, entzute prozesuak egin behar dira, enpresei mugak jarri behar zaizkie, eta konpentsazio neurriak jarri beharko lituzkete herri horientzat. Eta seguru gaude onarpen handiagoa lortuko luketela parke horien sustatzaileak instituzio publiko-komunitarioak balira».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA