EHUko Ingeniaritza Eskolako irakaslea

Alvaro Campos-Celador: «Sarea handia da, dena lotuta dago, eta energia berriztagarriak ez dira egungo egiturarekin ondo moldatzen»

Itzalaldia energia ekoizpenaren eta eskaintzaren arteko desoreka batek sortu zuela uste du EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasleak. Haren ustez, egungo sarea energia fosilentzat pentsatuta dago, eta arazo iturri da fotovoltaikoa modu masiboan sartzea.

Alvaro Campos-Celador. BERRIA
Alvaro Campos-Celador. BERRIA
kristina martin
2025eko apirilaren 29a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Energia berriztagarriak —bereziki, fotovoltaikoa— gaur egungo goi tentsioko sare zentralizatuan modu masiboan txertatzeak arazoak sor ditzake. Hala uste du Alvaro Campos-Celadorrek. EHUko Ingeniaritza Eskolan irakaslea eta ikertzailea da Ingeniaritza Energetikoa Sailean. Sare elektrikoaren zeregina da energiaren eskaintzaren eta eskaeraren arteko orekari eustea, eta energia fotovoltaikoak trakestu egiten du oreka hori. Campos-Celadorren esanetan, behe tentsioko lineak eta sare deszentralizatuak egokiagoak dira ganorazko energia trantsizioa egin nahi izanez gero.

Zer pentsatu zenuen atzo itzalaldia gertatu zenean?

Bilbon nengoen, eta hasieran pentsatu nuen tokiko arazoa zela; baina orokorra zela jakin nuenean, egia esan, harrituta geratu nintzen. Uste nuen bazeudela bermeak sare elektrikoan gertatutako arazo bat herrialde batera edo gehiagora ez zabaltzeko. Sare elektrikoa sareen sarea da, eta normalean, arazo bat dagoenean, zati hori isolatu egiten da, eta ez du besteetan eraginik. Nire irudipena izan zen katean hedatutako arazo bat egon zela, eta ezin izan zutela isolatu. Gauera arte ez genuen jakin 15 gigawatt desagertu zirela, eta horrek utzi zuela Iberiar penintsula osoa eta Frantziaren parte bat argindarrik gabe. Dena dela, zergatik gertatu den ez dakigu. Inoiz gertatu gabea da gertatutakoa.

Zein da zure iritzia Espainiako Gobernuak eta Red Electrica Españolak (REE) emandako azalpenez?

Zerk eragin zuen ere ez dute argitu. Sareak une oro bermatu behar du kontsumitzen den eta ekoizten den energiaren arteko oreka izatea, eta horretan huts egin zuten atzo. Aipatzekoa da energia berriztagarrien presentzia handiko momentu batean gertatu zela itzalaldia.

Fotovoltaikoen eskaintza handia zela aipatu duzu. Zergatik da hori arriskutsua?

Zentral klasiko guztiek —termikoak, hidraulikoak, nuklearrak...— ardatz baten inguruan biratzen dute, eta horrek inertzia ematen dio sistemari. Frekuentzia edo hertz kopurua areagotzen denean, inertziak orekatu egiten du. Hori ez da horrela fotovoltaikoaren kasuan. Energia mota horrek etengabe behar du sarea. Sare horretan akats bat baldin badago, energia emateko gehiegizko gaitasuna sor daiteke. Nire hipotesia da energia fotovoltaikoaren eskaintza oso handia egoteak zerikusia izango zuela huts horretan; kontrol mekanismoak motelagoak izan ziren, eta, osagai horiek guztiak batuta, itzalaldia gertatu zen.

Itzalaldia leku gehienetan ordu gutxi batzuetakoa izanik ere, izua eta anabasa zabaldu zen gizartean. Zer hausnarketa egiten duzu?

Argindarrak gure bizitzaren arlo guztiak baldintzatzen ditu, eta haren etenak zein zaurgarri bihurtzen gaituen konturatu ginen.

«Sare zentraletik deskonektatu daitezkeen eta autonomia duten behe tentsioko sareak izan bagenitu, atzokoa ez zen gertatuko»

Sare guztien interkonexioa konponbide moduan aurkezten dute, baina atzokoak erakutsi du akats batek kinka larrian jar dezakeela herrialde eta kontinente oso baten hornikuntza

Hala da. Energia berriztagarriak deskarbonizaziorako gure aliatuak dira, baina funtzionamendu desberdina dute energia fosilen aldean. Hori ez badugu kontuan hartzen, eta energia berriztagarriak sustatzen ari bagara, baina sareen antolakuntza zaharrarekin, arazo bat daukagu. Gaur egungo sarea handia da, eta dena lotuta dago, eta berriztagarriak ez dira egungo egiturarekin ondo moldatzen.

Tokiko sare autonomoek modua emango lukete halako gertakari orokorrik ez izateko?

Bai. Deszentralizazioa da, nire ustez, sarearen egonkortasuna bermatzeko bidea. Sare zentral horretatik deskonektatu daitezkeen eta autonomia duten behe tentsioko sareak izan bagenitu, atzokoa ez zen gertatuko. Energia berriztagarriak sustatzearekin batera, haien funtzionamenduari egokitzen zaion eredua bilatu beharko genuke. Eredu egokia izan zitekeen behe tentsioko sareetan ere garatzea egun sare handiek dituzten kontrol eta kudeaketa mekanismoak.

Erakunde publikoen politikak bide horretan al doaz?

Inondik inora ez. Politika publikoen apustua da linea handien eta transformazio gune handien aldekoa. Horren emaitza da goitik zuzentzen den sare bat dugula. Eta sare zentralizatu batean akats bat baldin badago, bazter guztietara zabaltzen da. Interes ekonomiko handiak daude goi tentsioko sarea indartzeko. Izan ere, sare hori REErena da, eta, enpresa hori publikoa bazen ere, 1997tik aurrera esku pribatuen esku dago, eta Ibex-35en kotizatzen du. Estatuak partaidetza bat du, baina akziodun nagusien artean enpresa indartsuak daude, eta petrolioarekin lotura duten zenbait funts ere bai.

Espainiako sare elektrikoaz arduratzen den enpresa Ibex-35en kotizatzeak interes talka sortzen al du?

Hornikuntzaren kalitatea bermatu behar duen enpresa berak zaindu behar ditu akziodunen inbertsioen etekin ekonomikoak ere. Gainera, REEk azpiegituretarako onartzen dituen inbertsioak kontsumitzaileen fakturen ekarpenekin ordaintzen dira.

«Hornikuntzaren kalitatea bermatu behar duen enpresa berak [REE] zaindu behar ditu akziodunen inbertsioen etekin ekonomikoak ere»

Tokiko komunitate energetikoak ugaritzen ari dira gure inguruan. Hori izan daiteke bide egokia?

Gaur egun pentsatuta dauden bezala, ez dute konpontzen arazoa. Komunitateek behe tentsioko sareak erabiltzen dituzte, baina halakoek ere badituzte mugak. Hego Euskal Herrian, esaterako, Iberdrolaren jabetzakoak dira, eta haren menpe gaude halakoak garatzeko. Eta, noski, Iberdrolari ez zaio komeni horretan inbertitzea, irabazi handiak energiaren sorkuntzan dituelako. Goi tentsioko lineak eta sistema zentralizatua onuragarriagoak dira Iberdrolarentzat, sistema horretan energia sortzaile handiek soilik joka dezaketelako. Horretaz gain, tokiko komunitate horietan sortzen den energia goi tentsioko sareetara baldin badoa, ez dago energia burujabetzarik. Atzo oso garbi ikusi genuen.

Energia berriztagarriek, beraz, aurpegi iluna ere badute.

Araban sustatzen ari diren makroproiektu fotovoltaikoen eredua da adibide garbi bat. Solaria enpresak mahai gainean jarri du Araban ia 30 proiektu fotovoltaiko egitea, lurralde osoan planta mordoxka instalatzeko, eta ehun kilometroko linea elektriko baten bidez Bilboko portuarekin lotzea. Hori denbora bonba bat da. Energia berriztagarriak sare zentralizatuan eskala handian sartu ahala, handiagoa da atzokoa berriz gertatzeko arriskua.

«Araban sustatzen ari diren makroproiektu fotovoltaikoen eredua [...] denbora bonba bat da. Energia berriztagarriak sare zentralizatuan eskala handian sartu ahala, handiagoa da atzokoa berriz gertatzeko arriskua»

Nola lor daiteke, orduan, energia burujabetza?

Energia berriztagarrien trantsizioak bide ematen digu sistema energetikoa birpentsatzeko, baina, interes ekonomikoak direla eta, eskaintzen diguten energia trantsizioaren joko arauak erabakita daude. Hori oker larria da. Subiranotasuna lortzeak izan behar du erronka, eta sare nagusitik autonomia izatea da modu bakarra. Hori ez da egun batetik bestera lortuko, noski. Muga teknikoak egon badaude, baina benetan aldatu beharrekoak politika publikoak dira, beste eredu bat eraiki behar dugu, behintzat. Aramaiok [Araba] eta Tolosak [Gipuzkoa], adibidez, udal sare propioak dituzte; horiek dira jarraitu beharreko bideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.