Udal eta foru hauteskundeak. Klima larrialdia

Energia trantsizioa. Haizea alde du orain

Trantsizio energetikoaren aldeko apustuak leku bat aurkitu du hauteskunde kanpainan, eta lehentasunetako bat bihurtu da programetan. Jaurlaritzak ere hartu ditu kanpainakoak izan gabe hartan eragin duten zenbait erabaki.

Hainbat zentral eoliko tramitatzen ari dira Euskal Herrian gaur egun; horietako batzuk, Iberdrola. MAURITZ ANTIN / EFE.
inaki petxarroman
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hauteskunde programetan ez ezik, alderdien agerraldietan ere leku esanguratsua lortu du trantsizio energetikoaren auziak. Duela lau urteko foru eta udal hauteskundeetan, gutxik eskaini zioten tarte bat gai horri, baina, oraingo honetan, alderdi guztien programetan eta kanpainako ekitaldietan agertu da gaia, hizki larriz zenbait kasutan.

Gai honen kokapen politikoa lau urte hauetan zenbat aldatu den ikusteko, bi detaile ekar litezke. Duela lau urteko programan, EAJk ez zuen trantsizio energetiko hitza erabili, nahiz eta antzeko terminoak idatzi zituen hauteskunde programan: esate baterako, eraldaketa energetikoa. Oraingo honetan, bere hauteskunde programa esparruaren lehenengo orriko izenburua adierazgarria da ikusteko EAJk berak gai honetan izan duen bilakaera: «2023-2027: Lau urte ilusionagarri eta erabakigarri Euskadiren eta Planetaren etorkizunerako», dio. Beste aldaketa adierazgarri bat, hauxe: UPNren hauteskunde programetako puntu nagusietako bat bihurtu da energia trantsizioa. «Nafarroa trantsizio energetikoan eta energia berriztagarrietan eredugarria izatea nahi dugu», dio alderdi erregionalistak.

Lau urte hauetan, klima aldaketaren Nafarroako legea onartu da, eta Eusko Jaurlaritzak ere, foru hauteskundeetako kanpainaren erdian, lege proiektu bat onartu du bere energia trantsizioari eta klima aldaketari buruz. Halaber, Eusko Jaurlaritzak udal eta foru hauteskundeak hasi bezperan argitaratu du energia berriztagarrien lurralde plan sektorialaren (LPS) hasierako onarpena. Udalek, esate baterako, 45 egun baliodun izango dituzte alegazioak egiteko, baina oposizioak salatu du euren berritze prozesuan izanik oso zaila egingo zaiela hori behar bezala egitea. Zenbait alkategaik erantzun diete plan horretan agertzen diren proiektu berriztagarrien kokapen hautatuei —EAJkoak dira alkategai haietako batzuk—: ez dituztela nahi, alegia.

Gaiak garrantzia hartu badu ere, azken lau urteotan Hego Euskal Herrian ez da egin urrats nabarmenik deskarbonizazioari dagokionez. 2020an, pandemiari lotutako neurrien ondorioz, dezente gutxitu zen Hego Euskal Herrian berotegi gasen isurketa —21 milioi tona inguru isuri ziren, Espainiako Trantsizio Energetikoaren Ministerioaren datuen arabera—, baina 2021ean, berriz ere, 2019ko datuetara gerturatu zen: 25 milioi tona.

Udalek eta foru aldundiek, printzipioz, ez dute eskuduntzarik energia politiketan, baina, trantsizio ekologikoaren gaiak ardatz asko izanik, badituzte eskumenak, besteak beste, garraioan eta lurraldea antolatzeko politiketan. Halaber, Nafarroak jadanik onartua duen legeak eta EAEn tramitatzen ari direnak deskarbonizaziorako neurriak hartzera behartzen dituzte udalak.

Alderdien programei erreparatuta, denek egin diote lehentasunezko leku bat auzi honi. EAJk dio «eredu ekonomiko berria» eraiki behar dela, eta «aldaketa sakonaren» premia dagoela produkzio, prestakuntza eta mugikortasun sistemetan. «Euskadi eredugarria da: erakutsi dugu ekonomikoki haz daitekeela, eta, aldi berean, berotegi gasen isurketak murriztu daitezkeela».

EAJk dio «trantsizio energetiko-ekologikoa» sustatu nahi duela, eta «ekonomia zirkularra» martxan jarri. Energia politikak ere «jasangarria» izan behar duela dio, eta, «erregai fosilekiko mendekotasuna» txikitzeko,«berezko energia ekoizpena handitzearen alde» egin du, funtsean «iturri berriztagarriekin» ordezkatzeko. Bide horretan autokontsumoa eta «tokiko energia kidegoak» sustatuko dituela dio.

EH Bildu ere leku nabarmena eskaintzen ari zaio gai honi hauteskunde kanpainan. Koalizioaren Agenda ekosoziala 2040 da haren programako ardatza gai horretan, eta horri heldu diote hautagaiek. Krisi ekologikoa da, EH Bilduren ustez, Euskal Herriak historian aurre egin behar izan dion «erronkarik handienetako bat». Hiru ardatzeko krisia da, haren iritziz —biodibertsitatearen galera, klima aldaketa eta energia krisia—, eta «garapen, ekoizpen eta kontsumo ereduen eraldaketa sakon batekin» bakarrik erantzun ahal izango zaio. Horretarako, etorkizuneko ereduaren oinarri berriak jartzeko, gizarte erabakitze-prozesuak sustatu nahi dituzte herrialde guztietan. Berriztagarriak, esate baterako, kontrol publikoarekin garatu behar direla iritzi dio, eta bertako herritarren eta enpresen beharrei erantzun behar die, kontsumorako baldintza eta prezio bidezkoak ezarriz. Herritarren oniritzia behar dute kokapen horiek, EH Bilduren iritziz.

Elkarrekin Podemosek are eta zehatzago jarri du bere ustez zer baldintza bete beharko luketen egitasmo berriztagarri handiek: herri galdeketa bat egitea instalaziotik 10 kilometrora dauden herrietan, eta enpresa ustiatzaileen partizipazioen %30 bertako herritarrentzat gordetzea.

Trantsizio energetikoa «industria iraultza» baten pareko prozesu bat iruditzen zaio Podemosi, udal eta erkidegoetako bozetarako egin duen hauteskunde programa esparruak dioenez. Aipatu du beharra dagoela prozesu horrek «gizarte desberdintasunik» ez sortzeko, eta sektorerik zaurgarrienak aintzat hartzeko. Podemosek defendatzen duen printzipioa da «eguzki plaka» bat jarri behar dela etxe guztien teilatuetan. Gobernatuz gero, derrigortu egingo luke eraikin publiko guztietan jartzera, eta programa bat jarriko luke industrialde, merkataritza gune eta hedadura handiko eraikin pribatuetan ezartzeko. Diru sarrera txikiak dituzten etxeetan eguzki plaken instalazioa eta zaharberritze energetikoa diru publikoz finantzatzea babestuko luke. Energia komunitateak sortzea ere bultzatuko luke, eta enpresa publikoen bidez kudeatuko lirateke.

PSE-EEren hauteskunde programan ere lehentasunezko tokia eman diote trantsizio energetikoari. 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko, agindu du sistema energetikoan ahalik eta azpiegitura berriztagarri gehien sartzea bultzatuko duela. Horretan ari diren udalei babesa agindu die PSE-EEk, aholkularitza eta laguntza emanez. Autokontsumoa eta kontsumo taldeak bultzatuko dituela ere adierazi du. Esan du irizpide energetikoak aintzat hartuko dituela hirigintza planetan eta lurralde antolaketan, eta auto elektrikoak kargatzeko lekuen sare bat bultzatuko dutela. Gipuzkoako ahaldungai Jose Ignacio Asensiok kanpainan adierazi du sozialistek bultzatu dutela trantsizio energetikoa Gipuzkoan, «hondakinen arazoa konponduz» eta «ekonomia zirkularra bultzatuz».

Nafarroako agendan ere bai

Nafarroako Parlamentuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari Buruzko Legea onartu du agintaldi honetan, eta, horretan, behintzat, aitzindari rola hartu du Euskal Herriko gainerako administrazioen aldean. Gobernuan, Geroa Bai izan da lege horren bultzatzaileetako bat, besteak beste Itziar Gomez koaliziokidearen gidaritzapean izan baita legea garatu duen departamentua, Landa Garapen eta Ingurumenekoa. Trantsizio energetikoa eta legearen garapena da Geroa Baik aurkeztutako hauteskunde programaren ildo nagusietako bat. Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia lehenbailehen abian jartzea jarri du helburu, herrialdeak «energia burujabetza» lortzeko lehen urrats gisa. Fiskalitate berdea ezartzea ere bultzatuko du, kutsatzen duenak ordaindu behar duela dioen premisari jarraituz.

UPNk ere sartu du energia trantsizioa bere programan, duela lau urte Navarra Sumak ez bezala. Jatorri fosileko energia berriztagarriekin ordezkatzeko prozesuan Nafarroa eredugarria izatea nahi du, eta baita karbono aztarna arintzeko bidean ere. Auto elektrikoak erosteko laguntzak emango dituela hitzeman du, eta AHTa bultzatuko duela. «Jadanik martxan diren» parke eolikoak bultzatuko dituztela agindu du, eta autokontsumoa eta kontsumo partekatua babestuko dituela.

Kanpainaren erdian ere egingo dute gaur manifestazio bat, Gasteizen, Euskal Herria Bizirik taldeak deituta. Besteak beste, proiektu berriztagarri handien ezarpena eta mendien industrializazioa salatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.