Energiaren agentzia publikoa sortzea proposatu du Zurekin Nafarroa koalizioak

Begoña Alfaro eta Carlos Guzman hautagaiek adierazi dute agentzia hori beharrezkoa dela «oligopolio elektrikoaren eskuetan egoteari uzteko»

Zurekin Nafarroaren hautagaiak. JOXERRA SENAR
2023ko maiatzaren 17a
14:43
Entzun

«Ez da egun batetik bestera izango, baina bide hori egin beharra dago». Zurekin Nafarroa koalizioak trantsizio energetikoaren auziari erreparatu dio goizean, eta Begoña Alfaro zerrendaburuak aldarrikatu du Nafarroak energiaren agentzia publiko bat sortu beharra duela.

Berez, iragan legealdiko akordio programatikoan jaso zen organo hori eratzea, eta iaz Nafarroako Parlamentuan onartutako Klima Aldaketaren Legean ere jasota dator Energiaren Agentzia bat sortu behar dela, baina Alfarok gogorarazi du konpromiso horiek ez direla bete oraindik.

Zurekin Nafarroa koalizioaren arabera, enpresa publiko horrek argindarra ekoitzi, banatu eta «batik bat» merkaturatu egin behar luke, «energiaren salneurriak demokratizatzeko eta argindar konpainien menpe egoteari uzteko». Koalizioak arrazoitu du «oligopolio elektriko baten eskuetan egoteari uzteko» balioko duela.

Carlos Guzman hautagaiak gogorarazi du hiru energia talde handiek iaz 8.530 milioi euroren irabaziak izan zituztela, 2021ean baino %31 gehiago eta «inoizko handienak». «Uste dugu erabat lotsagarria dela egungoa bezalako krisi energetiko batean halako irabaziak izatea, eta uste dugu familia guztien mesederako izango den instrumentu publiko bat behar dela».

Energia berriztagarrietan oinarritutako enpresa hori eratzeko baliabideak badaudela uste du Alfarok: «Eguzkia dugu, ipar haizea dugu, Pirinio aurreko mendialdea dugu... Alta, oraindik ez dugu trantsizio energetikorako planik eginda».

Klima Aldaketaren Legeak, hain zuzen, planifikazio bat egiteko betebeharra ezartzen du. Alfaroren arabera, egitasmo horrek «zorrotza, ordenatua eta planifikatua» izan behar du. Legeak berak dio administrazio publikoak eredugarri izan behar duela, eta horretarako hainbat helburu eta neurri zerrendatzen ditu.

Eremu publikoa, berdea

Zurekin Nafarroaren proposamena bide horretatik doa. «Berriztagarrien instalazioak hiri eremuetan jarri behar dira, modu horretan askoz ere kalte arinagoa egiten baitzaio ingurumenari». Hala, proposatzen dute eraikin eta eremu publiko guztietan plaka fotovoltaikoak ezartzea, «Beratik Corteseraino»: osasun etxeetan, autobideetako erdibitzaileetan...

«Energia ekoizteko gure ahalmena handitu dezakegu, baina hori hiriguneetan egin behar da. Ezin dugu hori landa eremuetan egin, parke fotovoltaikoen aurkako jarrera gero eta handiagoa baita. Kalte egiten die gure bioaniztasunari eta labore lurrei», zehaztu du Alfarok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.