Enplegua eta industria helburu

EAJk ekonomia suspertzeko 10.000 milioi euroko plan bat iragarri du; EH bilduk, berriz, industria Barne Produktu Gordinaren %28 izatea jarri du helburutzat.

Idoia Media, PSE-EEren ekitaldian, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 1a
14:05
Entzun

Enplegua mantentzea eta suspertzea. Hori da Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak herritarrei gaur egin dien promesa. Gasteizen egin du ekitaldia alderdi jeltzaleak, eta hantxe ziurtatu du 10.000 milioi euroko plan bat martxan jarriko dutela ekonomia suspertzeko. «Nire konpromiso pertsonala eta EAJrena izango da behar dena egitea ahal den enplegu guztia mantentzeko eta galdutako guztia errekuperatzeko». 

Urkulluk gogorarazi duenez, bera buru den alderdiaren hauteskunde programan jasota dago gazteen enpleguari buruzko plan bat, 30.000 gazte ingururi lehen lana ematea helburu duena. Horrez gain, lehendakarigaiaren hitzetan, hezkuntza duala areagotu nahi dute Lanbide heziketan eta unibertsitatean.

 EH Bilduk «helburu estrategikotzat» du industrian 2007an zeuden 250.000 enpleguak berreskuratzea. Zamudion (Bizkaia) egindako ekitaldian Jasone Agirre hautagaiak Eusko Jaurlaritzaren industria politika salatu du: «Enpresei baldintzarik gabe baliabideak ematera mugatzen da, eta eskuak garbitzen ditu krisi egoeretan, erabakitzeko guneak galtzen ditugun bitartean».

Agirreren iritziz, lidergo publikoa beharrezkoa da, industria Barne Produktu Gordinaren %28 izan dadin, eta proposamen bat ere egin du: akordio bat egitea BPGaren %3 ikerketan eta garapenean inbertitzeko. «EH Bildurentzat lehentasunezkoa da industria eta berrikuntza bultzatzea».

Elkarrekin Podemosek Sestao (Bizkaia) aukeratu du gaur goizeko ekitaldirako. Banku publikoaren ideia berreskuratzeko beharra azpimarratu du, «sektore estrategikoetan eta trakzio enpresetan inbertitzeko». Koalizio morearen arabera, hori izango da bermea «kalitatezko lana eta industria arlokoa sortzeko, baita enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko ere».

Turismoa berreskuratzeko beharraz aritu da Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia, Guardian (Araba) egin duten ekitaldian. Esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren burua izan nahi du, «turismo nazionala erakartzeko eta nazioartekoa berreskuratzeko». Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa izan du ondoan Mendiak.

PP eta Ciudadanos koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaizek, berriz, Pablo Casado PPko presidentearekin egin du ekitaldia Gasteizen. Iturgaizen arabera, plan bat egingo dute ekintzailetzarako, eta Urkulluren jarrera ere kritikatu du: «Urkullu bedeinkapena ematen ari da [Pedro] Sanchezen gobernuari. Enplegua eta ekonomia birrintzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.