Kimu izeneko euskarazko txatbota martxan jarri du Orai NLP Teknologiak, Elhuyarren adimen artifizialeko zentroak. Enpresa eta erakundeen eguneroko lanetan lagungarri izatea nahi dute, eta zeregin ugaritarako erabili ahalko da, hizkuntza arrunta erabiliz: agirien gaineko galderei erantzuteko, edukiak sortzeko, laburpenak eta itzulpenak egiteko, eta testuak zuzentzeko, besteak beste. Enpresen eta erakundeen behar espezifikoetara ere egokitzen da. Eredu berria probatzeko, Beta webgune bat sortu du Oraik: Kimu.orai.eus.
Ander Corral ikertzaileak eta Xabier Saralegi Oraiko NLP Teknologietako arduradunak azaldu dutenez, Kimu enpresa eta erakundeen zerbitzarietan eta ordenagailuetan instala daiteke, «modu arin eta merke» batean. Gainera, pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du, ChatGPT eta bestelako programek ez bezala.
Programa berriaren arduradunek jakinarazi dute Kimuk emaitza onak ematen dituela beste hainbat hizkuntzatan ere —gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz, besteak beste—, eta euskararekin ez ezik swahiliarekin eta galesarekin esperimentuak ere egin dituztela, egiaztatzeko euren metodoa erabilgarria ote den bestelako hizkuntza gutxituetan ere.
Hizkuntza eredu txikia
Testu datuen bolumen zabalekin entrenatu ondoren giza testua ulertzen eta sortzen duten adimen artifizialeko bestelako sistemen aldean, SLM hizkuntza eredu txikia erabiltzen du Kimuk, eta, horregatik, «kalitate lehiakorra» eskaintzen du batez ere behar berezietara egokitzerakoan. Hizkuntza eredu txikiek hainbat abantaila nabarmen dituzte, oro har: «Eredua zerbitzatzeko hardwarearen kostua nabarmen murrizten da; alegia, makina merkeagoa behar da eredu hau instalatzeko», Saralegiren hitzetan.
Aldiz, eredu libre handiek askoz ere makina garestiagoak behar dituzte, eta emaitzen kalitatean eskaintzen duten hobekuntza ez da hain handia hainbat zereginetan. «Beraz, emaitzen kalitatearen eta kontsumoaren arteko orekari erreparatuta, euskarazko eredu hau paregabea da», azaldu du Saralegik. Gainera, halako eredu arinak errazago pertsonaliza daitezke domeinu jakinetara egokitzeko, eta jasangarriagoak dira ingurumenaren ikuspegitik.