Hizkuntz eskubideak. EAEko Kontsumitzaileen Estatutua

Enpresa gehienek hizkuntz eskubideak ez dituztela bermatzen dio Kontseiluak

Kontseiluak 27 enpresa aztertu ditu, eta hamaseik ez dituzte bete Kontsumitzaileen Estatutuaren lehen bi urteetarako helburuakPaul Bilbaok salatu du estatutuari isunak kenduz gero «homilia» batean geratuko dela

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontsumitzaile euskaldunek ondasun zein zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ez dute bermatzen enpresa gehienek, bi urte igaro diren arren Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen EAEko Estatutua garatzen duen dekretua martxan jarri zenetik. Hori ondorioztatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, plazaratu berri duen azterketa baten emaitzak ikusita. Dekretua bete beharko luketen 27 enpresa handi aztertu ditu, eta hamaseik ez dituzte bete lehen bi urteetarako finkatutako helburuak.

Azterketaren emaitzak ikusita, aipatutako estatututik zehapenak kentzeko PSE-EEk hasitako ekimena gogor kritikatu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. «Beteko dela ziurtatuko duen zehapenik ez duen legea homilia bat da; Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuak ez du inolako baliorik izango». Euskaldunen eskubideak «progresiboki» ezartzearen garrantzia nabarmendu du Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak. Azterketaren emaitzak, ordea, 25 urteko progresibitatearen erakusgarri direla gogorarazi du Bilbaok.

Eusko Legebiltzarrak PSE-EEren proposamenari babesa ematen dion beste ekimen bat onartu zuen atzo, alderdi horren, PPren eta UPDren botoekin, eta hori ere gogor kritikatu du Bilbaok. Eztabaida «lotsagarria eta iraingarria» izan zela nabarmendu ondoren, hizkuntza eskubideak berma daitezen hartuko dituzten neurrien berri emateko eskatu zien hiru alderdi horiei.

Hain zuzen ere, Kontseiluak urte honetan bertan egindako azterketan, dekretuaren urratzeak atzeman dituzte sektore nagusietako enpresa handietan:

1. Saltoki handiak

Kartel eta errotuluetan agertzen den informazioa euskaraz eta gazteleraz eman behar dute establezimenduek, baita inprimakiak eta katalogoak ere, bezeroak kontrakoa eskatu ezean. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretuak hori agintzen du komunikazio idatziei dagokienez. Kontseiluak aztertu dituen saltokietan, ordea, hori ez da bete.

Azterketa egiteko, lau marka hartu zituzten, eta marka bakoitzetik hiruna establezimendu aukeratu zituzten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait tokitakoak. Tokiaren arabera urratze maila aldatu arren, dekretua ez zen bakar batean ere bete.

Errotulazioaren azterketa egiteko, saltokiaren ate nagusitik sartu, eta saltokiaren markari zegozkion lehen 25 kartelak aintzat hartu zituzten. Carrefour markako saltokietako errotulazioen bi heren gaztelera hutsean zeuden, %30 euskaraz eta gazteleraz eta %3 euskara hutsean. Antzeko emaitzak izan zituzten Corte Inglesek eta Zarak, baina EAEko bi hizkuntza ofizialetan idatzitako are kartel gutxiago zeuden. Eroskiren kasuan, datuak hobeak dira —%16 euskaraz, %33 bi hizkuntzetan—, baina errotulazioaren erdia gaztelera hutsean zegoela ikusi zuen Kontseiluak. Halaber, saltoki gehienetako eskuorriak gazteleraz daudelagogorarazi dute txostenean, baita erosketa txartelak eta propaganda ere. Kasu horretan, zenbait markak euskara erabiltzen duten arren, ez dago parekotasunik hizkuntzen artean.

Dekretuak agintzen dituenak betetzen diren kasuak ere badaudela gogorarazi du Kontseiluak. Carrefourreko bezeroen iritzia jasotzeko eskuorria eta Corte Inglesen erosteko txartela eskuratzeko inprimakia bi hizkuntzetan daude, adibidez. Eroskik zenbait euskarritan ele anitzeko ereduak erabiltzen dituela gogorarazi du, euskara, gaztelera, katalana eta galizierazkoak.

2. Finantza erakundeak

Txekeak, txeketegiak, kreditu txartelak eta, oro har, dokumentu guztiak euskaraz eskaini behar dituztela dio uztailaren 17an indarrean has daitekeen dekretuak. Sei banku eta kutxa aztertu ditu Kontseiluak, eta hiru kasutan dekretua urratzen dela ondorioztatu dute. Finantza erakundeen kasuan, webguneak aztertu ditu bereziki, «publiko orokorrarentzako informazioa delako eta euskaratzen errazena delako».

Euskadiko Kutxa, BBK eta Kutxak webguneak bi hizkuntzetan eskaintzen dituztela ondorioztatu du azterketak. Vital Kutxaren kasuan, webguneko ia eduki guztiak euskaratuta daudela nabarmendu du txostenak, baina kasu gutxi batzuetan gaztelaniazko esaldiak agertzen direla gogorarazi du: pentsio planen izenak... BBVA eta Santander banketxeen webguneak gaztelania hutsez daude.

3. Garraio enpresak

Txartel fisikoak eta birtualak eskaini behar dizkiete garraio enpresek bezeroei, dekretuak agitzen duenari jarraiki. Dena den, aztertutako zazpi enpresetatik lauk ez dute betetzen. Kasu adierazgarriak daudela gogorarazi dute, Euskotrenena kasu. Gipuzkoa eta Bizkaiko txartelak euskaraz eta gaztelaniaz daude, baina Arabakoak, gaztelania hutsean.

Renfek eta La Unionek ere ez dituzte bete-betean bermatzen bezero euskaldunen eskubideak. Renferen kasuan, beharrezko informazio guztia euskaraz ez duela ematen gogorarazi du Kontseiluak, eta La Unionek beharrezko informazio guztia euskaraz «modu orekatuan» ez duela eskaintzen azaldu du. Pesa, Bilboko Metroa eta Donostibusek dekretua betetzen dute.

Renfe eta Feveren txartel makinek ez dituzte betetzen dekretua, euskara erabiltzeko aukera eman arren bezeroari eskaintzen dizkieten aukerak eta toponimia gaztelaniaz baitaude. «Esan liteke euskara ez dela berdintasunez erabiltzen». Euskotreneko, Bilboko Metroko eta Bilboko Tranbiako txartel makinek legeak agindutakoaren arabera eskaintzen dute zerbitzua.

4. Fakturak eta kontratuak

Kontseiluak aztertu dituen komunikazio operadore eta energia hornitzaileen erdiek ez dituzte bermatzen kontsumitzaile euskaldunen eskubideak. Fakturak eta kontratuak euskaraz eskaini behar dituztela dio dekretuak, eta hori aztertzean kasu bakar batean ez dela betetzen ondorioztatu dute azterketan. Komunikazio operadoreen kasuan, Eroski Movil enpresak eta Orangek fakturak gazteleraz ematen dituztela gogorarazi dute. Eroski Movil enpresaren kasuan, bezeroaren arreta zerbitzura jotzean fakturak euskaraz egiteko aukerarik ez zutela aitortu zuten. Euskaltel, Movistar eta Vodafonek fakturak euskaraz eskaintzen dituzte.

Energia hornitzaileei dagokienez, Cepsak gaztelerazko fakturak baino ez ditu bidaltzen, eta webgunea ere gaztelania hutsean dago. Iberdrolak euskarazko fakturak eskaini arren, kontratuak eta webgunea gaztelania hutsean dute. Repsolek fakturak eta kontratuak gazteleraz baino ez dituzte; webgunea euskaraz ikusteko aukera ematen dute, ordea. Naturgasek euskaraz eskaintzen ditu kontratuak eta bestelako dokumentuak, eta horren webgunea ere euskaraz ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.