Iruñeko udaltzainek 31 urteko gizon bat atxilotu dute Enrique Maia hiri horretako alkate ohiari eraso egitea leporatuta. Erasoa ekainaren 9an izan zen, eta Maiak berak salatu zuen gizona. EFE albiste agentziak zabaldu duenez, atxilotua epailearen esku gelditu da.
Maiak berak eman zuen erasoaren berri. Azaldu zuenez, Estafeta kaletik zihoala gizon batek kolpe bat eman zion bularrean. Aurretik, gizon horrek berak «a ze nazka ematen didazun» esan zion, eta txistu egin zuen lurrean. Erasoak ez zion kalte fisikorik eragin Maiari.
Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek txarretsi egin zuten erasoa. Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkateak eta eta Maria Txibite (PSN) Nafarroako presidenteak sare sozialetan gaitzetsi zuten, eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten beste alderdiek ere salatu zuten gertatutakoa.