Orain arteko entzierro azkarrena izan da Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek osatu dutena. Bi minutu eta hemeretzi segundo behar izan dituzte zezen plazako ukuiluetarainoko bidea osatzeko. Zortzi pertsona eraman dituzte anbulantzian ospitalera. Zortziek ere kolpeak zituzten; ez da adarkaturik izan.
Garbia izan da laugarren entzierroa. Idiak aurretik atera dira San Domingon, eta bi zezen beltz berehala geratu dira atzean. Ohi dutenez, oso azkar egin dituzte aldapako metroak. Udaletxeko plazan zezenak sartu dira aurretik, eta horrela joan dira Mercadereseraino. Hor, baina, idiek barrualdetik hartu dute bihurgunea, eta aurrea hartu dute.
Idien erritmoan, lasterketa apur bat moteldu da Estafetan, eta korrikalariek hor izan dituzte zezenen aurrean aritzeko aukerak, ez baitira denak erabat batuta joan. Gainera, Estafeta hasieran ez zegoen beste batzuetan bezainbeste jende. Baina entzierro oso azkarra izan da, eta zezenen aurrean tokiari eustea, oso zaila.
Estafeta kalearen amaieran nabaritu da jende gehiago kalean, eta zezen plazarako jaitsieran, hor bai, jendea pilatu egin da; Telefonican eroriko batzuk izan dira. Zezenek, ordea, zuzen jarraitu dute plazarantz, eta idien atzetik sartu dira zuzenean ukuiluetara.