Instituzioei dagokienez, ez Espainiako Gobernuak ez Eusko Jaurlaritzak ez zuten balorazio politikorik egin nahi izan. Mariano Raxoik Portotik (Portugal) adierazi zuen epaia errespetatu egin duela. EAEko lehendakariaren ahotik, berriz, ez zen azalpenik entzun. Bukarestera bidean zihoan Patxi Lopez. Lehendakaritzak epaia errespetatu egiten duela zioen ohar bat igorri besterik ez zuen egin.
Asteon Jaurlaritzako ituna hautsi duen Antonio Basagoiti izan zen salbuespenetako bat; hark ontzat jo zuen epaiaren edukia. PSE-EEn, berriz, isiltasuna nagusitu zen. Rafaela Romerok, zuhur azaldu arren, adierazi zuen ez duela uste epaituek deliturik egin dutenik.
MARIANO RAXOI
Espainiako gobernuko presidentea«Auzitegien epaia errespetatueta bete egiten dut»
Portugalen izan zen atzo Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua, bi gobernuen arteko goi bileran. Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroarekin egindako agerraldian labur mintzatu zen Raxoi Auzitegi Gorenaren epaiaz: «Beti egin izan dudan bezala, auzitegien erabakiak errespetatzen eta betetzen ditut, eta ez dut uste zentzurik duenik beste ezer esateak», esan zuen.
PATXI LOPEZ
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria«Jaurlaritzak lanean jarraituko du, atsedenik gabe, Euskadin elkarbizitza sendotzeko»
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak prentsa ohar motz bat igorri zien komunikabideei. Raxoik adierazi bezala, Bateragune auziaren inguruko epaiaren inguruan, Gasteizko gobernuak berretsi du epaitegiek ebatzitako ebazpenak betetzeko eta errespetatzeko borondatea duela: «Gobernuak jarrera hori izan du iraganean, eta hala izango da etorkizunean ere, bai epaiaren edukia gobernuaren iritziarekin bat datorrenean bai euskal gizartearen gehiengo handi batek bat egiten ez duela ulertzen denean». Lopezek azpimarratu duenez, Jaurlaritzak lanean jarraituko du «atsedenik gabe, Euskadin elkarbizitza sendotzeko eta gainditzeko asmoz, betiere legezkotasunaren barruan».
IÑIGO URKULLU
EAJren EBBko presidentea«Oraindik pentsatzen dugu 'Bateragune auzia' zentzugabekeria dela»
Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen irudiko, EAJk «betidanik» pentsatu izan du Bateragune auzia zentzugabekeria dela. Urkulluren arabera, botere judizialaren askatasuna errespetatzeko printzipioari eustea «zaila» da auzi honetan. Epaia eta bi boto partikularrak bere osotasunean aztertu aurretik egindako balorazioan, Urkulluk gogora ekarri du bere jardunbidean Gorenak «froga ahul eta eztabaidagarriak» hartu dituela aintzat.
Urkulluren ustez, Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak bultzatutako prozesu judiziala, nahiz eta zigorra beheratu: Otegi eta Diez ETAren burutzat jo ez arren, erakunde terroristako kide izatea leporatu die. Horregatik, interpretazio hori «paradoxikoa» dela deritzo Urkulluk: «Gorenaren ustez, egitura hierarkiko politikoak ETA zuzentzen zuen, eta, aldi berean, ETAren jarduera terrorista amaitzeko beharrez hitz egin duten pertsonak dira». Haren ustez, zantzuen erabilera egin du Auzitegi Gorenak, baina horiek ez lirateke inoiz oinarritu behar epai bat egiteko orduan. «Oraindik ere pentsatzen dugu zentzugabekeria dela», ondorioztatu du.
Markel Olano EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunaren arabera, «oso albiste txarra da» epaia. «Erabat deitoragarria da horrelako une politiko eta historikoan politika egite hutsagatik pertsona batzuk kartzelan izatea», azpimarratu du. Haren irudiko, auzitegiek Euskal Herrian abiatutako bake prozesua oztopatzen dute «behin eta berriz».
SABINO CUADRA
Amaiurreko diputatua«Injustizia bat da; euskal gizartearen gehiengo zabal batek ez du ulertzen»
Amaiurreko diputatu Sabino Cuadrak «besarkadarik beroena» helarazi zien bost epaituei. Haren ustez, «onartezinak» dira Gorenak ezarritako sei eta sei urte eta erdiko espetxe zigorrak.Cuadrak gaitzetsi du bost epaituak lan politikoa egiteagatik zigortu dituztela: «Gogoan izan behar dugu lan politiko horrek ekarri duela hein handi batean orain bizi dugun egoera politikoa».
Horregatik, «injustizia» bat dela deritzo Cuadrak. «Euskal gizartearen gehiengo zabal batek ulertzen ez duen epaia da. Bakearen aurkako epai politikoa da». Cuadrak salatu du ETAk behin betiko su-etena iragarri ondotik konponbidea erraztera bideraturiko ekintza oro «zangotrabatu» dituela Espainiako Gobernuak, eta, horregatik, «arduraz» jokatzeko eskatu dio.
ANTONIO BASAGOITI
EAEko PPko presidentea«Sei urtera zigortzen badute, merezia duelako da, etaezingo da lehendakarigai izan»
Antonio Basagoiti PPko buruzagiaren ustez, Arnaldo Otegi sei urtera zigortzen badute, «merezia duelako da», eta gauza bera litzateke zortzi urtera zigortu izan balute. Hauteskundeei begira, ez du uste ondoriorik izango duenik. Hala ere, Basagoitiren ustez, «argi dago Otegi ezingo dela lehendakarigai izan». Gaineratu du ez duela egun osoa pasatzen pentsatzen Otegi «ea sei, zortzi edo hemezortzi urtera zigortu duten». Haren ustez, Justiziak «egin beharrekoa egin behar du, eta haren erabakiak errespetatu egin behar dira».
Basagoitik gaineratu du ez zaiela beldurrik izan behar auzitegiei. Haren ustez, agerian geratu da azken urteetan jarduera judiziala kritikatu duten «ahots horiek guztiak erratuta» zeudela. «Gaur, erosoago bizi gara, eta amaieratik gertuago gaude. Askatasun gehiago dago, bete diren lege guztien ondorioz. Dagokien espetxe zigorra izan dezatela».
IKERNE BADIOLA
EAko Komunikazio idazkaria«Demokratikoki jasanezina da erabakia, eta prozesu politikoa kriminalizatzea du xede»
Gogor kritikatu du Eusko Alkartasunak Auzitegi Gorenaren epaia. Ikerne Badiola Komunikazio idazkariaren hitzetan, «Euskal Herriko prozesu politikoa kriminalizatzea» du helburu, eta «demokratikoki jasangaitza» dela esan du. «Zigortu egin dituzte prozesu politikoaren bidea hautatu eta iraganeko estrategiak baztertu dituzten pertsonak». Eusko Alkartasunaren ustez, epaiak agerian uzten du Espainiako justizia sistemaren eta euskal gizartearen arteko «amildegia».
Badiolaren ustez, Euskal Herrian jendeak ez du ulertzen «soilik politikoa den jarduera bategatik» bost pertsonak kartzelan sei urte pasatu behar izatea. Badiolak espero du gizarteak «tinko» eta «arduraz» erantzungo diola erabaki judizial horri, «hasitako bidetik jarraitzea baita halako erabakiei aurre egiteko modurik onena».
ARALAR
«Sekulako zentzugabekeria da giza eskubideak horrela ukatzen jarraitzea»Bateraguneauziaren harira espetxean diren bost pertsonak «berehala» aske uzteko eskatu du Aralar alderdiak. «Ikaragarrizko zentzugabekeria da giza eskubideak modu honetan urratzen jarraitzea». Epaia bake prozesuarentzat eta normalizazio politikoarentzat «atzerapauso» bat dela ere esan du.
Era berean, «testuinguru politikoaren araberako pausoak» eman behar direla nabarmendu du. Epaiaren kontraesana nabarmendu du Aralarrek. «Euskal Herriko gatazkari konponbidea emateko lanean aritutako pertsonak dauzkate espetxeratuta. Eta hori guztia bere burua demokratatzat daukan herri batean gertatzen da, nahiz eta eguneroko jardunean izaten dituen kontraesanekin agerian uzten duen hori ez dela horrela».
MIKEL ARANA
Ezker Anitzako eleduna«Onartezina daedozein proiektu politikokartzelarekin zigortzea»
Oinarrizko eskubideen aurkakoa dela eta «zentzugabekeria» hutsa dela. Kritika hori egin dio Auzitegi Gorenaren epaiari Mikel Arana Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak. «Onartezina da edozein proiektu politiko kartzelaz zigortzea, indar subiranisten batuketa bilatzen duena adibidez». Aranaren hitzetan, Espainiako Konstituzioko oinarrizko eskubideetariko bat da ideologia askatasuna, baina, dioenez, Auzitegi Nazionala eta Auzitegi Gorena ez dira ari eskubide hori kontuan hartzen. Bateragune auziarekin Auzitegi Nazionalak abiatutako «esperpento juridikoari» eutsi dio atzoko epaiak. «Dena ETA dela dioen estrategiari eusten dio Gorenak, eta zigorrak murrizteko hartu duen erabakiak argi erakusten du ez dagoela prozesu hori inondik eusterik».
RAFAELA ROMERO
PSE-EEko Batzar Nagusietako eleduna«Uste dut epaituek ez zutela deliturik egin»
PSE-EEko Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunak errespetua adierazi zion epaiari, eta haren edukia zehatzago eduki zain, adierazi zuen ez duela uste epaituek deliturik egin dutenik: «Bateragune auzian inplikatuak izan direnek ez dut uste zigortutako delitua egin dutenik».
OSKAR MATUTE
Alternatibako eleduna«Espainiako Estatuarenizaera demokratiko eskasaagerian utzi du epaiak»
Oskar Matute Alternatibako eledunaren arabera, «bidegabea da» indarkeria amaitzearen aldeko estrategia zuzendu duten bost pertsonak espetxean jarraitu behar izatea. Horregatik, nabarmendu du euskal gizartearen gehiengo handi batek epaia «erabat» gaitzesten duela eta erantzuna kalean ikusiko dela. «Erabakiak animatu behar gaitu are indar handiagoz ildo beretik lan egiten jarraitzera. Indarkeriarik gabeko bake jokaleku baten alde lan egin behar dugu».
LOHITZUNE TXAROLA
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria«Espainiako Estatuak ulertuko du zergatik erabaki den horrela, baina guk ez»
Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak gogora ekarri du batzar nagusiek bi ebazpen onartu dituztela —bata irailaren 15ean eta bestea martxoaren 30ean— epaia baliogabetzeko eskatuz. Haren ustez, euskal gizarteak ilusioz bizi duen egungo egoera «zangotrabatu besterik ez dute egiten» horrelako erabaki politikoek. Era berean, uste du epaiak ez duela justizia bilatzen. «Argi dago ez duela justizia bilatu nahi. Bakegintzari ekarpena egiteagatik, zigortu egin dituzte bost euskal herritar. Espainiako Estatuak ulertuko du zergatik den horrela, baina guk ez. Ez dugu inoiz ulertuko». Txarolaren arabera, herritar guztien eta ikusmolde guztien beharra dago. «Horiekin guztiekin soilik eraiki daiteke biharko euskal gizartea», azpimarratu du batzar nagusietako presidenteak.
LAB
«Espainiako Estatua ez da gaiEuskal Herriko egungo egoerari heldutasun politikoz eusteko»Bateragune auziari buruzko epaiak agerian utzi du Espainiak «gaitasunik ez» duela Euskal Herriarekin duen gatazka konpontzeko. Horixe uste du LABek: «Estatua ez da gai Euskal Herriko egungo egoerari heldutasun politikoz eusteko». Hagitz larritzat jo du LABek epaileen erabakia. «Egungo gatazka gainditzeko lan politikoa egiteagatik zigortu dituzte. Lan hori hagitz garrantzitsua izan da egungo egoera lortzeko». Epaileek errugabetasunaren alde egin ez izana salatu du sindikatuak: «Kideok errugabetzat jotzea baitzen aukera bakarra». Epaiketa politikoak eta Euskal Herriko herritarren eskubide zibil eta politikoen urraketa bertan behera uzteko eskatu du LABek.
ELA
«Epaiaren oinarrian PP-PSOE estatu itunak emandako bultzada politikoa dago»ELA sindikatuaren arabera, «epaia ezin da onartu», parte hartze politikorako eskubidea urratzen duelako. Haren ustez, epaia «zantzu hutsetan» oinarritu da; gero frogak balira bezala onartu dituzte zantzu horiek. «Epaiak pertsona hauek jarduera politikoagatik zigortu ditu, eta Euskal Herrian bizi dugun prozesu politikoa kriminalizatzeko xedea du».
ELA sindikatuaren ustez, epaiaren oinarrian «PSOE-PP estatu itunak emandako bultzada politikoa dago», eta agerian jartzen du estatuak ez duela borondaterik prozesu politikoan aurrera egiteko. ELAk gaineratu du ez dela lasaigarria ikustea Espainiako auzitegien jarrera, «prest baitaude botere erreakzionarioei babesa emateko». Bateragune auzian zigortu dituzten bost pertsonak askatzeko exijitu du ELAk.
LOKARRI
«Ideia politikoen kriminalizazioak ez du lekurik zuzenbide estatu batean»«Onartezina» eta «bidegabea» da epaia, Lokarri elkartearen hitzetan. «Ideia eta proiektu politikoen kriminalizazioak ez du lekurik zuzenbide estatuan». Soilik jarduera politikoengatik daude espetxean Bateragune auzian epaitutako bost pertsonak, Lokarrik nabarmendu duenez. «Gaur egun legez kanporatuta dagoen ezker abertzalearen barnean eztabaida piztu zuten, eta soilik bide baketsu, politiko eta demokratikoetan oinarritutako estrategia bat izan da eztabaida horren emaitza», azaldu du.
Gainera, Lokarrik gogorarazi duenez, ezker abertzaleak eta kondenatutako bost pertsonek ere behin baino gehiagotan adierazi dute indarkeria mota oro utzi dutela bazterrean; tartean, baita ETArena ere. Gehitu du «kezkagarria» dela «jarduera politiko hutsa» egiten ari ziren arren erakunde terroristako kide izatea egotzi izana, eta frogen ordez epaiak zantzuak baino ez dituela kontuan hartu ere salatu du Lokarrik.
FRANCISCO JOSE ALCARAZ
Voces contra el Terrorismoko lehendakaria«Gorenaren epaiak frogatu egiten du Otegiren eta ETAren arteko batasuna»
«Oso pozik» dagoela esan du Francisco Jose Alcaraz Voces contra el Terrorismo biktimen elkarteko lehendakariak. Pozik, «epaiak Otegi eta ETAren arteko lotura frogatzen duelako». Kondena laburtu izana, ordea, ez da pozgarria, Alcarazen hitzetan. Horregatik, kezkagarritzat jo du «epaituak laster aske izatea».