Epaile batek ebatzi du gehiegizkoa dela gizarte integratzaileen deialdi batean euskarazko C1 maila eskatzea

Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen deialdi baten aurka egin dute; Bilboko Gizarte Arloko 9. Epaitegiak dio ez dela proportzionala hogei lanpostutik hemezortzitan C1 maila eskatzea.

Euskara eskakizunen aldeko elkarretaratze bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Euskara eskakizunen aldeko elkarretaratze bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 7a
09:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriro gertatu da. Beste epai bat euskara eskakizunen aurka. Oraingoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen LEP lan eskaintza publiko baten aurka ebatzi du Bilboko Gizarte Arloko 9. Epaitegiak; deialdian, euskarazko C1 maila eskatzen zuten gizarte integratzaile aritzeko. Ebazpena ez da behin betiko, eta helegitea jar diezaiokete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Hain zuzen, foru erakundeak hogei postuko lan eskaintza publikoa atera zuen gizarte integratzaileentzat, eta, hemezortzitan, euskaraz C1 maila egiaztatuta edukitzeko eskatzen zuten. Epaitegiak, baina, horren aurkako ebazpen bat atera zuen urriaren 31n —orain ezagutarazi da—. Ebazpenaren arabera, ez da «proportzionala» goi mailako teknikarientzako hogei lanpostutatik hemezortziri euskara eskakizun hori jarri izana; izan ere, haien esanetan, erabiltzaileekin eta horien senideekin egiten diren harremanen %80 gazteleraz izaten dira.

Are, ebazpenaren arabera, lanpostuen %90erako euskara eskatzeak derrigortasun indizea ere urratzen du, GUFEren normalizazio planean %46koa baita. 

Euskara eskakizun gutxiago

Euskararen aurkako oldarraldia eragina izaten ari da administrazioaren erabakietan. GUFE Bizkaiko Foru Aldundiarena da, eta diputazioak zera erabaki zuen martxoan: hainbat lan eskaintza publikotako euskara eskakizunak murriztea.

Bide bertsutik jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, eta joan zen hilean iragarri zuen atzeratu egingo duela zenbait hizkuntza eskakizun derrigorrezko bilakatzea, «epaiek hala behartuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.