Euskara egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak metatuz joan dira erakunde askotan iragan urteotan, eta euskalgintzak sarri salatu du horrek ekarri duen «oldarraldi judiziala». Gipuzkoako Diputazioaren kontrakoak izan dira epai horietako asko, eta ohiko irudia izan da igaro hilabeteotan: langileen ordezkariak elkartu egin dira ebazpen horien kontra daudela esateko, eta euskaraz lan egin nahi dutela aldarrikatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagiek ere behin baino gehiagotan parte hartu dute protesta horietan, baina gaur aitortu dute ezen, bide judiziala «agortuta» eta «epaiek hala behartuta», hurrena egingo dituzten lan deialdi publikoetan «egokitu» egingo dituztela hizkuntza eskakizunak. Hain justu ere, jakinarazi dute «atzeratu» egingo dutela «zenbait» hizkuntza eskakizun derrigorrezkoak izateko data. Ez dute zehaztu zer lanpostutan egingo den atzerapen hori, baina ehuneko bat eman dute: urte bukaera bitartean aterako diren postuen %34 inguruk atzeratua izango dute derrigortasuna. Enplegu publikoko hamahiru eskaintza martxan jarri behar dituztela azaldu dute, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko direla.
Derrigortasun data atzeratzen zaien postuek hizkuntza eskakizun bat dute oraindik ere, baina egiaztatzea atzeratu egiten da. Ondorioz, posturako sarbidea izan dezakete eskakizuna betetzen ez dutenek ere. Gero, berez, konplitu egin behar izaten dute eskakizuna, baina 45 urtetik gorakoak, adibidez, salbuetsita egoten dira, eta, beraz, halako neurriek atea irekitzen diete euskara ikasteko obligaziorik ez duten langileei. Diputazioko eledun Irune Berasaluzek egin du gaur egingo duten aldaketaren jakinarazpena, diputatuen kontseiluaren osteko agerraldian. Hainbatetan nabarmendu du «behin-behineko» erabakia dela: «Aldi baterakoa». Aurrez ere beste hainbat erakundek hartu izan dituzte tankerako neurriak, Bizkaiko Foru Aldundiak, kasurako. Gipuzkoakoaren kasuan, aintzat hartu behar da igaro urteotan aurrerabide nabarmenak egin dituela euskarazko arta bermatzeko eta euskaraz lan egiteko. Gaur ere gogora ekarri du Berasaluzek «konpromiso» hori, eta horren bidez egin diren lorpenak nabarmendu ditu.
Eta nabarmendu du «irmo» jarraituko dutela euskaraz lan egiteko eta arta euskaraz bermatzeko helburuen alde. «Gipuzkoako Aldundiak eta foru langileek ibilbide eredugarria egin dute 40 urteotan, kasik langile elebidunik ez zegoen administrazio bat izatetik ia langile guztiak bi hizkuntzetako edozeinetan lan egiteko gai izateraino». Ez dute nahi bide hori epaitegiek zapuzterik. «Aldundiak ez du euskara auzitegietara eraman, ezta euskararen aldeko akordio zabala hautsi ere».
«Erantzukizunez» jokatzeko
Baina euskararen normalizazioaren kontrako jurisprudentziaren zama hor dagoela gogoratu du Berasaluzek, eta «erantzukizunez» jokatu behar duela instituzioak egiten dituen lan deialdietan. «Egokitzapen hau epaiek behartuta eta aldi baterako egingo du aldundiak, deialdiei segurtasun juridikoa emate aldera». Aditzera eman duenez, urte bukaera bitartean aterako dira 113 lanpostu horiek, eta ezin ziren atzeratu euskararen aldeko egoera juridiko bat eduki arte. «Legez behartuta gaude interinitatea apaltzera, ezin dugu langile horien egoera hiru urte baino gehiago luzatu».
Hala ere, euskararen aldeko konpromisoan aurrera segitze aldera, euskaraz lan egingo duen administrazio baten aldeko urratsetan jarraituko dutela esan du foru eledunak, eta bide «berritzaile» bat abiaraziko dutela horretarako. Helburua da ikasturte honetan zerbitzuen laurdena izendatzea «euskarazko administrazio zerbitzu», eta legealdi amaierarako zerbitzuen erdiek bide hori bera egina izatea. «Ez dugu atzera urratsik egingo euskararen aldeko lanean. Irmo eutsiko diogu norabideari eta helburuari: administrazio elebiduna izatea, lan hizkuntza nagusia euskara duena».
«Euskara gure herriaren hizkuntza propioa da, eta errespetua merezi du. Errespetua merezi dute, egunero-egunero euskara ikasteko ahalegina egiten duten herritarrek ere, nahiz euskaraz lan egiteko hautua egiten duten langileek», argudiatu du Berasaluzek. Horregatik, «nagusiki euskaraz lan egingo duen administrazio bat» eratzen jarraitu nahi dute. Gipuzkoako Diputazioa «euskararen arnasgune soziofuntzional bilakatzea» da amaierako helburua.
Legebiltzarrera begira
Eusko Legebiltzarrera begira daudela esan du. Izan ere, oldarraldi judizialak ekarri dituen arazoei konponbide bat emate aldera, bi erreforma proposamen daude han. EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzea proposatu du, euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzeko. Jeltzaleen arabera, indize horri erreparatu diote hainbat sententziak hizkuntza eskakizunen kontra egiteko, eta, hori ezabatuta, errazagoa izango da bidea. EH Bilduk, berriz, legea aldatuta bidea ireki nahi du euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izan dadin. Euskalgintzaren abaroan aurrez egindako proposamenaren bidetik doa hori. Urriaren 2an onetsi ziren bi proposamenak parlamentuan.
Ikusi egin beharko da orain zer gertatzen den bi erreforma proposamen horiek legebiltzarrean egiten duten bidean. EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren aldeko botoa eman zuen; jeltzaleak, berriz, abstenitu egin ziren EH Bilduren proposamena bozkatu zenean. EAJko legebiltzarkide Markel Olanok esan zuen ez zutela gogoko EH Bilduren proposamena, baina «debaterako aukera» eman dezakeelako nahi zutela parlamentuan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak ere elkarrizketarako bideak lantzeko asmoa azaldu zuen bere hitzaldian. Gaur EH Bilduk lege erreformaren tramitazioan arloko hainbat adituk parte hartzeko eskakizuna egin du: tartean daude, besteak beste, legelariak, sindikatuetako ordezkariak eta euskalgintzakoak.