'egunkaria auzia'

Epaileak auzi ekonomikoa artxibatu du, ustezko delituak preskribatuta daudelako

Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epailearen erabakiari helegitea edo apelazioa aurkezteko bost eguneko epea du Fiskaltzak; aurretiazko saioan zigor eskaerei eutsi zien. Diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die akusazioak. 2003ko urrian izan zen operazioa; zortzi hilabete lehenago, euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Elkarretaratzea Martin Ugalde Kultur Parkean, 2009ko maiatzean, Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak eta Txema Auzmendik 'Egunkaria auziko' atal ekonomikoagatik deklaratu ostean. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 4a
07:20
Entzun

Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribatuta dagoela esanez. Aldiz, Fiskaltzak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak auzia artxibatu duela jakinarazi du gaur, ustezko delituak —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea— preskribatuta daudela iritzita.

Fiskaltzak orain gehienez bost eguneko epea dauka erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko. Bi modu ditu: batetik, erreforma errekurtsoa eta, aldi berean, hura onartuko ez balute ere apelazioa aurkeztea —hiru eguneko epea du helegitea soilik aurkezten badu, eta bostekoa, helegiteaz gain apelazio aurkezten badu—, eta, bestetik, apelazioa aurkeztea —bost eguneko epea—.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian aurkeztu beharko ditu Fiskaltzak bere eskaerak. Erreforma helegitea aurkezten badu, Lurralde Auzitegiak Zubimendiren esku utziko du erabakia. Apelazioa bada kasua, Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidenteak hiru epaileko mahai bat osatuko du erabakia hartzeko.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatu zituen Fiskaltzak aurretiazko saioan.

Zubimendi epaileak joan den maiatzaren 23an idatzi zuen notifikazio agiria, eta gaur jakinarazi du.

Fiskaltzaren akusazioak

Fiskaltzak dio zortzi akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak bi txostenetan esan izan du laguntzak legezkoak zirela.

Duela lau urte, Egunkaria-ko sumario nagusiaren absoluzioaren ondoren, auzi ekonomikoa Donostiako Zigor Auzitegira pasatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta geroago auzitik kanpo utzi zuten Dignidad y Justicia elkartea. Fiskaltza geratu zen akusazio bakar gisa.

2003ko urriaren 16an izan zen auziko ekonomikoko operazioa, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuen Del Olmok euskarazko egunkaria. Kazetaren itxieran epaiketa egin zuten, Auzitegi Nazionalean, eta 2010eko apirilean absoluzioa eman zuten. Dena dela, auzi ekonomikoak aurrera jarraitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.