Epaileak behin-behinean artxibatu du Voxen kontra protesta egiteagatik ikertutako gazteen auzia

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak jakinarazi duenez, alderdi ultraeskuindarrak erreklamaziorako aukera du oraindik.

Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak deituta, manifestazioa egin zuten urtarrilean herrian. GEDAR
Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak deituta, manifestazioa egin zuten urtarrilean herrian. GEDAR
Isabel Jaurena.
2026ko uztailaren 3a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vox alderdiak 2024ko apirilean Azpeitian (Gipuzkoa) egindako agerraldi baten kontra protesta egin zuten hainbat herritarrek, eta haietako hogeik epailearen aitzinean deklaratu behar izan zuten, alderdi horren salaketen ondorioz abiatutako auzian. Bada, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak ohar bidez jakinarazi duenez, epaileak behin-behinean artxibatu du gazteen kontrako auzia. «Kikildu eta isildu nahi gaituzten horiek ez dute lortuko helburua, eta faxismoaren, arrazakeriaren eta klase zapalkuntzaren aurpegi guztiei irmoki erantzuten jarraituko dugu, gero eta gehiagok eta gero eta indartsuago», diote oharrean. 

Berri ona dela erran badute ere, adi egonen dira auziak zer bide hartzen duen, alderdi ultraeskuindarrak erreklamaziorako aukera baitu oraindik. Otsailean BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean, plataformako kideek nabarmendu zuten «errepresioa argia» dela Voxen kontrako protesten kasuan: «Faxismoaren aurka mobilizatzen den orori mezu bat helarazi nahi diote: ‘Mugitzen bazarete, zigorra jasoko duzue’».

Alderdi ultraeskuindarraren kontrako protesten kasua behin-behinean artxibatu badute ere, plataformak gogoratu du bertze prozedura judizial bat irekita dagoela. Izan ere, iazko udan herriko gaztetxearen hogeigarren urteurrenaren bueltan sortutako istiluen harira, bertze 23 gazte ikertzen ari dira. Bi auzi horiei elkarrekin erantzuteko sortu zuten plataforma, hiru helburu ardatz harturik: «Jazarpen eta presio poliziala gaitzetsi, beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten azpijoko mediatikoak eta kriminalizazio kanpainak salatu, eta estatuak faxismoarekin duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa seinalatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA