Epaileak bi delitu egotzi dizkie Getxoko EAJko hiru zinegotziri

Irurak Bat eraikin babestua eraisteko prozesuaren alde egiteagatik inputatu ditu. Irantzu Uriarte, Ignazio Uriarte eta Iñigo Urkitza dira zinegotziak. Kargua utzi dute.

Ertzainak Getxoko Udalera sartzen, iragan astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ertzainak Getxoko Udalera sartzen, iragan astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko urtarrilaren 23a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Epaileak inputatu egin ditu Getxoko Udaleko (Bizkaia) EAJko hiru zinegotzi: bi delitu egozten dizkie Irurak Bat jauregi historiko eta babestua eraisteko prozesuarekin lotuta, El Correo egunkariak zabaldu duenez. Ignacio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitza dira zinegotziak. Udaleko hiru teknikari ere inputatu ditu: udaleko Hirigintza Saileko bi goi kargudun eta arkitektoa.

Hiru zinegotziek alderdiaren eskuetan utzi dute beren kargua, EAJk jakinarazi duenez. Zinegotziek berretsi dute errugabeak direla, baina uste dute egokiena kargua uztea dela, beren defentsa errazteko eta alderdiaren irudi publikoa zaintzeko, EAJren oharraren arabera. Hurrengo egunetan ordezkatuko dituzte.

Amaia Agirre Getxoko alkatea atzo bertan bildu zen hiru zinegotziekin. Nabarmendu zuen inputatuta egotea ez dela zigortuta egotea. Onartu zuen eguna «oso gogorra eta oso zaila» izan dela. «Arduraz lan egin dugu, eta hala jarraituko dugu, baita justiziari laguntzen ere», gehitu zuen alkateak.

XIX. mendeko jauregia zen Irurak Bat, 1845. urtekoa, eta legez babestuta zegoen. Baina 2024ko abuztuan eraitsi egin zuten luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Biurban etxebizitza kooperatibak eraitsi zuen, eta bertako kide dira udaleko EAJko bi zinegotzi: Irantzu Uriarte eta Ignazio Uriarte. Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiak ondarearen kontrako delituaren zantzuak ikusi zituen, eta ikerketa abiatu zuen.

Ondarearen kontrako bi delitu egotzi dizkie hiru zinegotziei, Bizkaiko egunkariaren arabera: alde batetik, «agintariak edo funtzionario publikoak izanda, bidegabekeria dela jakinda, babes berezia duten eraikinak botatzearen edo hondatzearen alde egitea»; bestetik, interes historikoagatik babestutako eraikinak hondatzea.

Administratzaileak eta arkitektoak

Bigarren delitu horregatik beste lau lagun ere inputatu ditu, eraikin historikoa eraistearekin zerikusia izan zutenak: bi zinegotziek parte hartu zuten sozietatea sortu zuen erakundearen administratzailea, eraikuntza enpresako administratzailea, proiektua egin zuen arkitektura estudioko arduraduna eta eraistean parte hartu zuen arkitekto bat.

Udalak egindako txosten tekniko baten arabera, 730.000 euro irabazi zituen jauregia eraisteaz arduratu zen enpresak. Eraikin historiko hura berritzea 3,2 milioi kostatuko zen, eta eraitsi ostean berriz eraikitzea, 2,5 milioi. Horrenbestez, ondorioztatu zuten enpresak 730.000 euro aurreztu zituela eraikin historiko hura modu irregularrean eraitsita.

Miaketa iragan astean

Auziak oihartzun handia izan du urte hasieran, iragan asteko asteazkenean Ertzaintza Getxoko Udaleko Hirigintza, Herri Lan eta Ingurumen Bulegora sartu zelako, jauregiaren eraistea ikertzeko. Irantzu Uriarteren eta Ignazio Uriarteren bulegoak miatu zituzten.

EAJk eta PSE-EEk agintzen dute Getxon. Iazko azaroan onartu zuen eraiste horrek ez zituela bete emandako lizentziaren baldintzak, ez zelako hura botatzeko baimenik eman.

Ertzainak udalean sartu eta egun batzuk geroago Iñigo Ansola BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan zuenez, ordura arteko informazioetan oinarrituta ez zuten ikusi «irregulartasunik eta etikarik gabeko jokabiderik» alderdiaren zinegotzietan. Kontrakoa: ziurtatu zuen prozedura administratiboek «berme guztiak» izan zituztela, legea bete zutela eta zinegotziek errugabetasun presuntzioa dutela.

EH Bilduk albistea jakin eta gero jakinarazi du «arreta handiz» erreparatuko diotela ikerketa judizialari. Berretsi du kudeaketa publikoan ahalik eta eredugarritasunik handiena izan behar dela, «ustelkeriarik gabea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.