Epaileak «erabaki pertsonal eta zorigaiztoko» bati egotzi dio Iruñeko emakumearen heriotza

Aske utzi du emakumearen heriotzagatik atxilotutako gizona, hildakoaren bikotekide izandakoa, «ezin dituelako frogak aldatu».

Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, apirilaren 14an. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, apirilaren 14an. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko apirilaren 24a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 12an 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan. Eztabaidan aritu zen bikotekide ohiarekin; gizonak giltzaperatu egin zuen; orduan, hirugarren solairuko leiho batetik zintzilikatu zen emakumea, arropa batzuk elkarri lotuta, eta, zintzilikatuta zegoela, lurrera erori. Horren harira, bikotekide ohia atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Iruñeko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiko 1. gelako epaileak, baina, gizona aske utzi du. Epaileak emakumearen «erabaki pertsonal eta zorigaiztoko» bati egotzi dio heriotza.

Atxilotuari bi delitu leporatu dizkiote: emakumearengandik urrun egoteko agindua urratzea eta emakumea legez kanpo atxikitzea. Fiskaltzak behin-behinean aske uzteko eskatu zuen atzo, eta epaileak horixe egin du gaur. Gizonak epaitegira joan beharko du hamabost egunetik behin, eta etxez aldatuz gero, jakinarazi egin beharko du.

Biktima eta auzipetua bikotekide izan ziren. Emakumeak gizona salatu zuen tratu txarrak emateagatik, eta iazko irailean urruntze agindua ezarri zioten gizonari. Nafarroako Auzitegi Nagusiak bidalitako prentsa oharraren arabera, epaileak aske utzi du auzipetua, «ezin dituelako frogak aldatu» eta zer delitu egotzi dizkioten ikusita modua dagoelako «hain larriak ez diren beste neurri batzuk adosteko». Erabakia zuritzeko, argudiatu du gizonak erakunde publiko batean lan egiten duela, familia daukala —«egoera irregularrean»— eta etxebizitza duela «Espainian». «Horregatik, behin-behineko espetxealdia ez da beharrezkoa oraindik», ebazpenean ondorioztatzen denez. 

Magistratuak egiaztatutzat jo du gizonak urruntze agindua bazuen ere bikotekide izandakoek «elkarrekin bizitzen jarraitu zutela eta elkarrekin harremana zutela». Frogatutzat jo du emakumea hil zen egunean auzipetuak «biktima etxean giltzaperatu izana» ere. Baina gehitu du egun horretan jende gehiago zegoela etxean, eta haiek ere bazutela etxera sartzeko giltza.

Egun horretan elkarrekin eztabaidatu zuten gizonak eta emakumeak. Lehenago ere eztabaidak izan zituztela gehitu du epaileak, harremana eten eta berriro hasten zutela. «Eztabaida bakarra izan zen, kaltetuak etxetik joan nahi izan zuelako piztutakoa», azaldu du ebazpenean. Gehitu du emakumea alkoholaren eta drogen eraginpean zegoela. Azalpen horiek eman eta gero, epaileak uste du emakumearen heriotza hark hartutako «erabaki pertsonal eta zorigaiztoko» baten ondorioa izan zela.

Atxilotu bat Tuteran

Tuterako (Nafarroa) Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, bikotekide ohiarengandik urrun egoteko agindua urratzea egotzita. Gainera, epaitegi batek hura atxilotzeko agindua emana zuen. 20:30ean atxilotu zuten, eta udaltzain etxera eraman. Han izango da epailearen aurretik igaro arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA