Indarkeria matxista

Epaileak espetxera bidali du Donostiako bortxaketarengatik atxilotu zuten gizona

Atxilotua goizean utzi dute epailearen esku, eta hark behin-behinean kartzelatzea erabaki du. Kontxa hondartzako aldageletan emakume bati sexu erasoa egiten ahalegindu dira. Donostiako Udalak beste bi sexu erasoren berri eman du. Bi emakumeri baimenik gabe ukituak egin dizkiete bart. Gipuzkoako aldundiak elkarretaratzera deitu du.

Donostiako Udalak sexu erasoen kontra deitutako elkarretaratzea, joan den astean, hiriko udaletxearen parean. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko abuztuaren 16a
09:46
Entzun

Gizon batek emakume bat bortxatu zuen joan den asteartean, Donostiako Aste Nagusian. 03:00 inguruan gertatu zen erasoa. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen erasotzailea atzemateko, eta, atzo, gizonezko bat atxilotu zuen, bortxaketaren egilea izatea leporatuta. Atxilotuak 39 urte ditu, eta gaur utzi dute epailearen esku. Epaileak atxilotua behin-behinean espetxeratzea erabaki du, eta Martuteneko kartzelara eramango dute.

Bestalde, Ertzaintza sexu eraso saiakera bat ikertzen ari da. Kontxa hondartzako aldageletan gertatu da. Arratsaldeko lehen orduan, hondartzako sorosle bati eraso egiten ahalegindu dira. Emakumeak aldagelatik irtetea lortu du, eta lankideei laguntza eskatu die oihuka. Erasotzaileak ihes egin du.

Donostiako Udalak beste bi sexu erasoren berri eman du, gaur. Bi emakumeri baimenik gabeko ukituak egin zizkieten, atzo, Donostiako Aste Nagusian. Erasoetako bat zezensuzkoan gertatu da, eta bestea 05:00etan, Egia auzoan.

Lehenengo kasuan, gizonezko bat neska adingabe batengana hurbildu da, bularrak ukitu dizkio, eta segidan ihes egin du. Inguruan zen gizonezko bat, erasoaren lekuko izan denez, biktima laguntzera joan da, eta Udaltzaingoari abisu eman dio. Emakumezkoak erasoa salatu du udaltzainen aurrean.

Beste erasoan, gizonezko bat emakume batengana hurbildu da, eta ukituak egiten hasi zaio. Emakumea oihuka hasi da, eta beste gizonezko bat hari laguntzera joan da. Orduan, erasotzaileak ihes egin du.

Udaleko bozeramaileen batzordeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du bi eraso horiek direla eta. "Babesa eta elkartasuna" adierazi die biktimei, eta haien esku jarri ditu halako kasuetarako udalak dituen baliabideak: arreta zerbitzua eta babes juridikoa, soziala eta psikologikoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoak arbuiatu ditu, eta elkarretaratzera deitu du biharko, 12:00etan, Alderdi Ederren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.