Epaileak espetxera bidali du Durangon leihotik erorita hil zen andrearen bikotekidea

Genero indarkeriaren larritasunaz ohartarazi du Jaurlaritzak; aurten Euskal Herrian hildako bigarren andrazkoa da

Jon Rejado.
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Epaileak espetxera bidali du aurreko astean Durangon (Bizkaia) hil zen emakume baten bikotekidea. Hilaren 16an zendu zen emakumea, leiho batetik erori ostean. Bere buruaz beste egin zuela uste izan zuten hasiera batean, baina ikerketa egiteko beste bide batzuri jarraitu, eta iragan asteartean emakumearen bikotekidea atxilotu zuten, «badaezpadako» neurri gisa. Epailearen aurrera eraman zuten atzo bertan, eta horrek kartzelara bidali zuen. Hildakoa 30 urte inguruko andrea zen.

Genero indarkeriak eragindako biktima dela baieztatuz gero, Euskal Herrian urte hasieratik gertatutako bigarren hilketa litzateke. Nafarroan gertatu zen lehena, apirilaren hasieran: Yanela Zaruma 22 urteko emakumea izan zen biktima, 3 urteko haur baten ama. Bikotekide ohiak, 24 urteko gizona, berak ito zuela eta gorpua Beriaingo Morea aintzirara (Nafarroa) bota zuela aitortu zuen epailearen aurrean.

Horrez gain, beste emakume baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza gaur egun: Amaia Azkue Orion jaiotako emakumea Azpeitiko Ibaieder urtegian (Gipuzkoa) aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin. Azken kasu horretan heriotzaren zergatia argitu gabe dago oraindik, eta genero indarkeria ote den ez da argitu.

Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak gertaera gaitzetsi du, eta «babes eta elkartasun osoa» eskaini die familiari eta lagunei. Emakumeen aurkako indarkeria kasuak oinarrizko eskubideen aurkako atentatuak direla gogorarazi du, indarkeria hori «gertatzen den moduan gertatzen dela» ere. Emakumeen aurkako indarkeria gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunaren adierazle «latz eta gogorrena» dela gogorarazi du Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak. Durangoko heriotza gaitzesteko elkarretaratze bat egingo dute Durangoko Udalaren aurrean, datorren astelehenean,20:00etan. Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak esan dute han egongo direla.

Atxiloketa bat Bilbon

Bestalde, emazteari eta alabari urteetan tratu txarrak ematea leporatuta, 60 urteko gizon bat atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak asteazkenean. Erasoa gertatzen ari zen etxera heltzean, 51 urteko emakumea aurkitu zuten, urduri. Dibortzioa eskatzeko paperak sinatu ez zitzan senarrak mehatxu egin ziola azaldu zien udaltzainei, eta aspalditik indarkeria fisikoa eta psikikoa jasaten ari zela. Alaba bat ere han zegoen, eta amaren salaketa berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.