Behin-behineko espetxealdia ezarri diote bikotekidea hiltzen saiatzeagatik atzo Donostian atxilotu zuten gizonari. Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera, eta eguerdirako egotzi diote hilketa saiakeraren delitua; Martuteneko espetxera eraman dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontatu duenez, Ertzaintzak bikotekidea itotzeko ahaleginak egiten aurkitu zuen 26 urteko gizona, atzo goizaldean, Donostiako etxe batean. Erasoa geldiarazi zuten, eta gizona atxilotu.Â
Herritar batek eman zion erasoaren berri Ertzaintzari. Atzo deitu zuen polizia etxera, 03:10ean, eta esan Donostiako etxe batean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola. Emakumeak 24 urte ditu, eta Ertzaintzak konortea galduta aurkitu zuen etxe hartara iritsi zenean. Konorteratu ondoren, osasun zentro batera eraman zuten. Han artatu zuten, eta sendagiria eman zioten.

