Epaileek merezimenduen dekretuko bi artikulu baliogabetu dituzte, atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik puntuatzeagatik

ELA eta Steilas sindikatuek foru dekretu berri bat galdegin diote gobernuari, «euskara Nafarroako lanpostu publiko guztietan merezimendu gisa puntuatuko duena».

Euskalgintzak merezimenduen dekretuaren aurka Iruñean eginiko manifestazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskalgintzak merezimenduen dekretuaren aurka Iruñean eginiko manifestazio bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 9a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu 97/2024 foru dekretuko bi artikulu, lan deialdi publiko batzuetan euskara atzerriko hizkuntzen azpitik baloratzeagatik. ELA eta Steilas sindikatuek errekurtsoa jarria zuten dekretuaren aurka, eta auzitegiak partzialki baliogabetu du araua. 4.1 eta 4.2 artikuluak dira atzera bota dituenak: Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan hautagaien merezimenduak arautzen zituztenak, hain zuzen.

ELAk eta Steilasek ohar bidez adierazi dute dekretuak «mugak» jartzen dizkiola euskararen balorazioari lan deialdi horietan baina ez duela gauza bera egiten ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren kasuan: «Artikulu batean zein bestean, euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioari muga batzuk jartzen zitzaizkion. Aldiz, atzerriko hiru hizkuntzen balorazioa mugagabea zen artikulu horietan; hortaz, ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen dekretuak, baita euskara ofiziala den eremuetan ere».

Baliogabetutako bi artikuluez gain, ELAk eta Steilasek arazo gehiago ikusten dizkiote merezimenduen dekretuari. Alde batetik, salatu dute eremu ez-euskalduneko lan deialdietan euskara «desagertu» egin dela merezimendu gisa, baina ez dela halakorik gertatu atzerriko hizkuntzekin. Beste alde batetik, zerbitzu zentralen kontzeptua nabarmendu dute: «Nafarroa osoari zerbitzua ematen dioten zerbitzuak dira, nonahi daudela ere, baina kontzeptu hori kendu egin zuten dekretutik». Horrez gain, sindikatuok uste dute arauak «tarte zabala» ematen diela Nafarroako Gobernuko departamentuei «interpretazio murriztaileak egiteko». Udalen autonomia, aldiz, murriztu egin da, eta, hortaz, aukera urriagoak dituzte udal deialdietan euskararen ezagutza baloratzeko, sindikatuen iritziz.

«Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak erakusten du merezimenduen foru dekretua guztiz murriztailea dela eta euskara gutxiesten duela», laburbildu dute ELAk eta Steilasek. Hori dela eta, «hizkuntza politika aldatzeko» eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta salatu dute PSNk «euskararen aurkako jarrera» inposatzen duela gobernuan, «nahiz eta 11 parlamentari baino ez dituen». Horregatik, sindikatuek dei egin diete Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta EH Bildu koalizioei, «bestelako hizkuntza politika baten alde» egin dezaten: «Euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan aintzat hartuko duena, gutxienez, merezimendu gisa».

ELAri eta Steilasi ulertezin zaie Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak nola eska dezaketen euskara ofiziala izatea Europan eta «euskararen lurraldean, Nafarroan, hainbeste traba paratzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea». 1986ko Euskararen Legea «gainditzera» premiatu dituzte erakunde publikoak, «eskubide urraketari babes juridikoa» ematen diolakoan. Horrez gainera, euskararen ofizialtasuna galdegin dute Nafarroa osoan, «inongo apartheidik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.