Justizia sistemaren «kongestioarekin» kezkatuta agertu da gaur Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean. Iazko memoria judizialaren datuetatik abiatuta, diagnostiko bat aurkeztu du, eta ohartarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaitegiek ez daukatela gaitasunik sartzen diren auzi guztiak jorratzeko: «Ebatzi gabeko auzien pilaketa egiturazko arazo bat sortzen ari da». Eta gaineratu du zein den lan zama horren arrazoia: «Epaile defizita da gure ahulgunea».
«Datuak okerrera doaz, zintzoki», adierazi du Subijanak mintzaldiaren hasieran. Ebatzitako auzibideen, ebazteke daudenen eta pilatuta daudenen indizeak eman ditu, eta azaldu du gehiago direla epaitegietan sartzen diren auziak ebazten dituztenak baino: «Erantzuteko gaitasuna handitu egin da, baina ez da nahikoa auzien hazkundea estaltzeko: gero eta ebazpen gehiago ematen ditugu (36.000), baina are gai gehiago sartzen dira (47.000), nabarmen hazi baita judizializatzen diren gaien bolumena».
Memoriako datuen arabera, metaketa hori bereziki kezkagarria da hiriburuetako eta Barakaldoko (Bizkaia) epaitegi zibiletan eta Bilboko lan arloko epaitegietan. Eta prozesu osoa luzatzea dakar: «Batez besteko denborak ez dira txarrak. Baina puntu konplikatuetan beranduago ebazten ari gara urtetik urtera». Subijanak erantsi du beste arreta puntu bat dagoela emakumeen aurkako indarkeria jorratzen duten epaitegietan, urritik sexu indarkeriari lotutako auzibideak ere kudeatzen ari direlako: «Erabaki politiko egokia da, baina lan zama handiagoa ekarriko du».
«Europako Batasunean baino zazpi epaile gutxiago ditugu 100.000 biztanleko. Bi milioi biztanlerentzat 250 epaile dauzkagu, eta 400 inguru beharko lirateke»
IÑAKI SUBIJANA EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea
Horren guztiaren korapiloa, Subijanaren esanetan, «epaile defizita» da: «Ez da funtzionario kopuruaren arazo bat, edo eremu telematikoan edota eraikinetan egin beharreko inbertsioena; arlo horiek hobetu daitezke, baina hor ez dago puntu konplikatuena. Europako Batasunean baino zazpi epaile gutxiago ditugu 100.000 biztanleko. Bi milioi biztanlerentzat 250 epaile dauzkagu, eta 400 inguru beharko lirateke».
«Egoera larri» horri aurre egiteko, proposamen bat egin zuen urte hasieran Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak: pilaketa handiena duten epaitegietarako beste 29 epaile postu galdegin zizkion Espainiako Justizia Ministerioari. Ekainean, ordea, «zaplaztekoa» jaso zuen Madrildik: «Gobernuaren dekretuak postu bakarra aldatu zuen, eta ez zuen onartu postuak gehitzea».
Garai bertsuan sartu zen indarrean Justiziako Zerbitzu Publikoaren Eraginkortasunerako Neurrien Espainiako Legea. Subijanaren arabera, arauak berez ez ditu ahulguneak konponduko, ez dituelako postu gehiago sortuko, baina oinarri batzuk jar ditzake: «Epe ertainera, postu judizialak sortu ahalko dira, antolamendu eta egitura osoan inbertitu beharrik gabe; horrek postu judizial bat sortzearen kostua merkatzea ekar dezake. Hala gertatuko ote den, ordea, denborak esango du».
Justizia euskalduntzea
Datorren urterako erronken artean, elbarrien irisgarritasuna bermatzea jarri du Subijanak lehentasunen artean, baita indarkeria matxista eta sexuala jasaten duten emakumeen eta haurren babesa hobetzea ere. Justizia administrazioa euskalduntzeko helburua ere atal horretan aipatu du, eta azaldu du epaiketak euskaraz egiteko egitasmo pilotua bigarren fasean dela: «Ez da beharrezkoa bakarrik epaileek jakitea euskaraz, baizik eta eragile eta lekuko guztiek ere bai. Froga gutxiago dauden organoetan saiatzen ari gara». Dena den, proiektua boluntarioa dela gogoratu du: «Legez ezin ditugu epaileak behartu parte hartzera. Bederatzi batu dira».
Edonola ere, legebiltzarkideek oroitu dutenez, herritar gutxik jotzen dute justizia administraziora euskaraz. Subijanak aitortu du «zalantzarik gabe» hobeto eman behar dutela hizkuntza eskubideen berri: «Berariaz azaldu behar dugu zer eskubide duten: elementu informatibo bat sortu behar dugu, pertsonek eskubide horiek erabili ditzaten. Esfortzu hori egin behar dugu, eta egingo dugu».