Epaileen «interpretazioaren» zain

Hegoaldeko auzitegietan dira sexu erasoengatik ezarritako kondenak apaltzeko lehen eskeak: hamabost. Zigorren aldeak, lehengoekin alderatuta, ez dira handiak lege berrian

Emakumeen sexu erasoen kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bost urte eta urtebete arteko zigor tartetik, lau urte eta urtebete artekora; hamar urteko gehieneko zigor batetik, zortzi urtekora; zortzi eta hamabi urteko zigor tartetik, sei eta hamabi urtekora. Ordenagailuan idatzi duen koadro batean, zifra horiek markatuak ditu Miren Ortubaik, Espainian sexu askatasunaren kontrako delituak epaitzeko indarrean den legearen harira egunotan sortu den nahas-mahasa argitzen saiatzeko egin duen ariketa batean. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Zigor Zuzenbideko irakaslea izan zen, genero ikuspegia zoli txertatzen du bere interpretazioetan, eta hedabide hainbatetan eta politikari askoren ahotan legeak ekar ditzakeen zigorren apaltzeei buruz hedatu diren mezuekin asaldatuta egin du ariketa. Zerrendatu nahi izan du, berez, zein diren benetan beheratzeak. Eta ez dator bat kritikarekin: «Faltsua da esatea lege honek zigorrak murriztu dituela». Egunotako goiburuak «populismo punitibista baten» ondorio direla deitoratu du, eta uste du hortik atera behar dela eztabaida. Aitortu du, hala ere, lege berriak epaileen «interpretazio ahalmena» handitu duela, eta hori ere aintzat hartu behar da egunotako berriak ulertzeko.

Lege berriak Zigor Kodean aldaketa bat eragin duenez, horren harira egon daitezkeen kondena-berrikusketa eskariak ordenamendu juridikoan errotutako tresnak dira, Ortubaik nabarmendu duenez. «Zigor zuzenbide demokratikoaren printzipio oinarrizko bati» erantzuten diotela adierazi du; izan ere, zigor aldaketaren bat kondena betetzen ari den norbaitentzat mesedegarria bada, aintzakotzat hartu behar dira halakoetan berrikusketak.

Eta heldu dira Hego Euskal Herriko auzitegietara sexu erasoen ondorioz zigortutako gizonei zigorrak apaltzeko lehen eskabideak. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak atzo jakinarazi zuen orain arte hamar eskari jaso dituztela auzitegiek. BERRIAri Nafarroako Auzitegi Nagusiko iturriek esan diote han bost jaso dituztela. Eskabide horien gaineko ebazpenik ez dago oraindik. Subijanak atzo adierazi zuen lurralde auzitegietako magistratuak bilerak egiten ari direla; irizpide bateratu bat hitzartu nahi dute hartuko dituzten erabakietara begira, «segurtasun juridikoa» bermatze aldera.

«Ahalezko» eskabideak

Subijanak nabarmendu zuenez, kopuruan «garrantzitsuak» izan daitezke apaltzeen inguruko «ahalezko» eskabideak auzitegietan. «Baina beste gauza bat da berrikusiko diren prozedurak zenbat izango diren eta, kondenatuarentzat mesedegarriagoa delakoan, lege berria horietako zenbati ezarriko zaien», zehaztu zuen. Hain justu ere, estatu mailan jada zenbait eskabideren gaineko ebazpenak eman dituzte epaileek, eta horien artean ez da bateratasunik izan.

Ebazpenak bateratze aldera, Espainiako fiskal nagusi Alvaro Garcia Ortizek herenegun ebatzi zuen epaiak ez direla berrikusiko baldin eta bere garaian ezarri zen kondena, lege berriarekin ere, Zigor Kodean indarrean badago. Aditu askoren arabera, horrek asko urrituko ditu berrikusketarako onetsiko diren eskabideak. Auzitegi Gorenak egin diren berrikusketen gainean zer ebazpen ematen dituen ere ikusteko dago oraindik ere, eta hori aintzat hartuta zer jurisprudentzia ezartzen den gai honen inguruan.

Kasu honetan, bada aintzakotzat hartu behar den aldagai bat: sakoneko lege aldaketa bat ekarri du lege berriak. Izan ere, sexu abusuen eta sexu erasoen arteko bereizketa zegoen lehen, eta aintzat hartzen zen, baita ere, sarketarik izan zen eraso horietan; aldagai horien arabera, penetraziorik gabeko edo penetraziodun sexu erasoak eta sexu abusuen araberako delitu zerrenda bat zeuden. Orain, desagertu egin dira horiek guztiak, eta sexu erasoak dira guztiak. Horrek «epaileen erabaki tartea» handitu egin duela nabarmendu du Ortubaik. Oro har, areagotu egin da epaileek kasu bakoitzaren «zirkunstantziak» aintzakotzat hartzeko egin behar duten lana, eta ezar dezakeen «zigor tartea».

Aldaketa handirik ez

«Baina zigorrak, oro har, lehengoan daude; areago, larrigarriak aintzakotzat hartuta, orain zigorrak gogorragoak izango dira kasu askotan», ondorioztatu du Ortubaik. Legearen helburu behinena «sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeei babesa ematea» dela nabarmendu du EHUko irakasle ohiak, «mekanismoak» dituela horretarako, askotarikoak, baina horiek ezkutatzera egin dela egunotan zabaldu diren berri askotan. Legearen mamia soilik irizpide «punitibistetara» mugatzera egin den irudipena izan du.

Zigorren gaineko eztabaidaz harago, legearen alde positiboak nabarmentzera egin zuen atzo Iñaki Subijanak ere. «Irizpide oso garrantzitsuak ematen ditu genero indarkeriaren arloan trebatzeko eta biktimak, horien biktima izaeran berriro sakondu gabe, babesteko», adierazi zuen. «Sexu abusuen eta erasoen» artean lehen indarrean zegoen banaketa desagertu izana ere «guztiz egokia» iruditzen zaiola esan zuen, eta hoberako izango dela sexu erasoak epaitzeko garaian.

Jaurlaritzaren laguntza

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika, Berdintasun eta Justizia sailburu Beatriz Artolazabalek atzo esan zuenez, lege berriaren ondoriozko kondena murrizketaren baten harira biktimaren batek laguntza behar badu, horretarako baliabideak jarriko ditu Jaurlaritzak. «Kezka» azaldu zuen lege berria oinarri hartuta hartu diren zenbait erabakiren harira, eta esan zuen halakoak eragozteko legea aldatu behar bada horretarako urratsak martxan jarri beharko direla.

Nafarroan, PSOEko antolaketa idazkari Santos Cerdanek hartu zuen hitza atzo. Legearen helburu «behinena» nabarmendu zuen hark ere: «Andreak sexu erasoen aurrean babesteko egin zen». Fiskaltzak kondenen berrikusketaren inguruan eman duen irizpidearekin Gorenak bat egitea espero dutela esan zuen, eta «doktrina juridiko bat» gailenduko dela zigorrak ez apaltzeko. Egin diren kritikak «eskuinaren purrustadak» direla esan zuen: legea lohitzeko ahalegin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.