2022ko Eguberri egunean labankadaz hil zuten Lukas Agirre, Donostian, eta haren heriotzaren auziaz arduratu den epaimahaiak erruduntzat jo du akusatu nagusia, aho batez; izan ere, aztertutako gertakarien arabera, Agirreri nahita, ustekabean eta bat-batean egin zion eraso. Horrek 15 eta 20 urte arteko espetxe zigorra ekar dakioke. Haren beharrezko laguntzaileari dagokionez, epaimahaiko zazpi kideetatik bik frogatutzat jo dute akusatu nagusiari labana eman ziola. Hirugarren akusatua ere erruduntzat jo dute beste biak estaltzeagatik. Epaileak adierazi du «datozen egunetan» emango duela epaia.
Epaimahaiak bere erabakia irakurri ondoren, epaileak epaimahaia desegin du, eta minutu batzuk eman dizkie aldeei zigor eskaerak egokitzeko. Horren ostean egindako auzi saioan, familiaren akusazioak hogei urte eskatu ditu akusatu nagusiarentzat, hamalau urte bigarrenarentzat, eta urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra hirugarrenarentzat. Kalte ordaina ere eskatu dute. Fiskaltzak bat egin du familiaren akusazioak egindako zigor eskaerekin. Gainera, bigarren akusatua zentro psikiatriko batean sartzea eskatu du, 25 urtez gehienez. Aditzera eman dutenez, hirurei ezarriko diete droga mendekotasunaren aringarria.
Akusatu nagusiaren defentsak, berriz, droga mendekotasunaren gehienezko aringarria eta legez dagokion hamabost urteko gutxieneko espetxe zigorra eskatu du bere bezeroarentzat. Bigarren auzipetuaren abokatuak zigorra bi gradu jaistea eskatu du, gutxienekora arte: hiru urte, hamaika hilabete eta zazpi eguneko espetxealdia, gaitasun kognitiboaren deuseztapen larria eta tratamendu anbulatorioa kontuan hartuta. Eta azkenik, prozesatutako emakumearen defentsak sei hilabete eskatu ditu droga mendekotasunagatik aplikatuko litzaiokeen aringarriagatik, eta atea irekita utzi du indultua eskatzeko.
Epaiketak hilabete iraun du
Maiatzaren 8an hasi zen epaiketa —orduan eratu zuten epaimahaia—, eta ekainaren 1era arte iraun du. 2022ko abenduan hil zuten Agirre, labana sartuta. 24 urteko hernaniarra hilda topatu zuen Ertzaintzak Eguberri eguneko goizean, Donostian. Poliziak 06:20 aldera izan zuen erasoaren berri, eta gaztea Okendo plazan aurkitu zuen, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta bertze zenbait gorputz ataletan. Larrialdi zerbitzuak hura suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Akusatu nagusia, 24 urteko gizonezkoa bat, bere borondatez joan zen Ertzaintzaren polizia etxe batera, amak lagunduta, gertakaria gertatu eta ordu batzuetara. Ordurako, Donostiako Udaltzaingoak 26 urteko beste gizon bat eta 28 urteko emakume bat atxilotuak zituen krimena gertatu zen lekutik gertu, erasoarekin zerikusia zutelakoan.