EPPK-ko preso batzuk askatasun eskaerak aurkezten hasiko dira

Gaixo daudenak, baldintzapean aske behar luketenak eta bizi guztiko zigorra dutenak aske uzteko eskatzea erabaki du EPPK-kEzinbestekotzat jo dute, «estatus politikoa aitortuta», gainerakoak Euskal Herrian batzea

Herritarrek askotan eskatu dute presoen etxeratzea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bidea abiatuko du «amnistia bere zentzu zabalenean» lortzeko. «Berehala aske uzteko» eskaerak aurkeztuko dituzte zenbait presok: gaixo daudenak, batez ere larri daudenak, baldintzapean libre behar luketenak eta bizi guztiko zigorra dutenak. Kolektiboak hartutako erabakia da, nahiz eta eskaerak banakakoak izango diren. Hori azaltzeko, eta egoeraren azterketa egiteko, agiri luze bat igorri du EPPK-k BERRIAra. Hona hemen zati nagusiak:

«Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den Euskal Herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarripean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. [...]

Egun ere, beraien eskuetan gauzkatela-eta, ahalik eta denbora gehien nahi gaituzte burdin eta porlanezko etxola mingarri hauetan [....]. Baina gu aspalditxo lotu ginen borrokara. Gure Herriak eta bere historiak erakutsi eta emandakoak barne barnean daramatzagularik, bere askatasunaren aldeko lubakietan eraikuntza lanetan jardutea merezi duela ongi aski dakigu [...].

Hiru hamarkada hauetan gure hatz minduekin ildoa egiten ari gara, Euskal Herriaren aurreneko egun askerainoko zubia gurutzatu nahirik. Une horretan, gure herria aitortua, gure etorkizunari buruz Euskal Herritarrok erabakiko duguna errespetatua izango dela bermatua izanen denean, espetxeak hustuta eta iheslariak etxean izango garenean, Amnistia bere zentzu zabalean izango dugunean alegia, izango du herri honek benetako bakea.

Urteetako lan horretan aldaparik eta harri koskorren kolperik ere pairatu izan dugu; bidean burkide, lagun eta senide askok utzi gaituztelarik. [...] Haiei, inori baino lehenago, haiei diegu zor lortuko dugun garaipen hori.

Oraindik orain, lubaki honetan egin beharrekoak ez dira gutxi izango. Iruzurrez eta bortxaz inposatu diguten gatazka honek, finean, Euskal Herria eta bere eskubidearen aitortza baino ez du behar. Dagokiona.[...]

Eta ari gara. Etorkizun askea irudikatu nahi dugun aro berri honetan euskal eragileok gatazkaren behin betiko gainditze bidean urrats esanguratsuak ematen ari gara. Horietan azkena, ETA erakundeak adierazitako borroka armatuaren bertan behera uztearena. Bere historia luze eta emankorraren ildotik, oraingoan ere ETA erakundeak arduraz eta Euskal Herriaren askatasunaren mesedetan ekin du. Bere ereduari begiratu behar dionik ez da falta ez, tamalez. Duela ez asko esan genuen, eta berriro diogu: Hobe lukete errepresio eta zapalketaren bide antzuari uko egin eta, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoa bultzatzeari begira jarriko balira. Historiaren lezioa ikas dezatela behingoz Sarkozy, Zapatero, Rubalcaba, Rajoi eta enparauek. Konturatu daitezela Et Domuit Vascones zaharrarekin ametsetan joango direla beraiek ere. [...]

Guri dagokigunez, jakitun gara espainiar zein frantziar estatu horiek geu, euskal preso politikook gaituztela itu beraien zapaltzaile eta hiltzaile den asimilatze politika horretan. Zapalketa eta errepresio gordinaren bitartekoez baliatuz oraindaino ez dutela gure herriaren asimilatzerako obsesioan atsedenik. Atxiloketak, torturak, milaka herritarrekiko apartheid politika, aske geratu diren kideenganako herritarren ongietorri adierazpenak kolpeka ekiditeko saioak, kolaborazio eskaintza-mehatxuak, espetxe politika kriminalaren mantentzea... luzea da, bai, zerrenda. Legeak errepresioaren mesedetan nahikoa manipulatu ez eta jazarpen eta mendeku politikoak agintzen dutela erakutsi digute.

Kontrako norabidean kokatu du etorkizuna gure herriak. Aspaldi hartu zuen etorkizun askearen hautua. Ez da, egun, Espainia eta Frantziaren errepresio eta mendeku politika justifikatzen duen herritarrik. Are gehiago, herritarren gehiengo zabal batek egin du bat euskal preso politikoen kontrako jazarpenaren kontra. Gernikako Akordioaren baitan bildu diren indarrek, Amnistia osoaren bidean eta lehen urrats gisara Euskal Preso Politikoen eskubideak, oinarrizkoak zein politikoak, errespetatuak izan daitezen aldarria jarri du mahai gainean.

Bide horretan, presoon eskubideak berehala errespetatu, gaixo larriak askatu, baldintzapeko askatasunean egon beharko genukeenak aske utzi, bizi arteko espetxe zigor politikarekin amaitzea dira jada Estatuek eman behar dituzten lehen urratsak. Berehala eta inongo baldintzarik gabe.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak indarra jarri nahi du aldarrikapen hauetan. Zentzu horretan, egoera horietan dauden gure kolektiboko kideek berehalako askatasun eskaera egingo dute datozen egunotan. Aldarrikapena kolektiboa da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eskaera hori publikoki berresten du eta euskal jendarteari baldintza horiek inolako baldintzarik gabe eta berehala bete daitezen aldarrikatzeari dei egiten dio.

Prozesu demokratikoan urratsak eman bidean dispertsioa amaitu eta euskal preso politikoak, dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da ere. Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetuko duen egoera betetzea ezinbestekoa baita prozesuak aurrera egin dezan.

Geuk, gure aldetik, heriotza edota bizi arteko zigor guztien gainetik, Euskal Herri aske baten aldeko apustuan tinko eginen dugu. Esan moduan, tinkotasunez, harrotasunez, umiltasun osoz eta itxaropentsu, nola ez, bada?!

Jite honetan, igandean ere gure ekarpena egingo diogu apustu horri. Gure Herrian aro berri bat gauzatzeko urratsak ematen ari garen honetan, garrantzi berezia dute igandean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian izango diren espainiar gorteetarako hauteskundeak. Konpromiso une honetan ere gure bozka zuenarekin batera izango da.

Ez dezatela Espainiako estatuaren egonkortasunaren aldeko apustuan dihardutenek gure arteko inoren bozik jasoko dutenik espero. Madrilek finkatzen duen Estatu politika babestu, gure herriaren etorkizuna Espainiari lotuta irudikatu, autonomismoan sakonduz Euskal Herriaren zatiketa iraunkortu, Espainiako gobernuek urteetan abiatu dituzten ekimen errepresiboak esplizituki onetsi eta egun ere, espainiako gobernuari egonkortasuna emanez gure kontra indarrean daukan dispertsio politika babesten duenak ez du, ez, gure bozik jasoko. Aho txikiarekin gure eskubideen alde daudela esan baina aho handiarekin eta ekintzekin gure kontra eta gure herriaren kontra estatuen jazarpen politika babesteak ez du balio. Hautua egin behar dute. Euskal Herriaren alde herri gisa gure hitza aurkezteko aukera paregabeari berriro ere ezetza eman dioten PNV eta pareko alderdiek ez dute gure bozik izango, inolaz ere.

[...] Azken batean, Euskal Herria eszenatoki demokratikoan kokatu ahal izateko indarra egingo duten Euskal Herritarrekin batera egongo da EPPK. Haiekin nahi baitugu askatasunerako zubia gurutzatu. [...]. Eta astelehenean proiektu hori garatzen jarraituko dugu. Herri gisa, Espainiako gorteetan gure eskubideak aldarrikatuz behar bada ere, herritarronak diren udaletxe eta herrialdeetako parlamentuetatik noski, baina bereziki herri antolakundeetatik eta herritar dinamiketatik, baita gauzkaten ziega ilunetatik ere. Aurrerantzean ere, gure kolektibo izaerari eutsiko diogu, gure izaera politikoak eztabaida mahaietan izanen du tokirik, ahotsik eta ekimenik, elkar lanari hauspoa eman eta herri honi beharrezkoa egiten zaion prozesu horretan indar horiek askatuko ditugu: gutxiengo baldintzak lortuz, prozesuaren eraikuntzari hatz mindu umil hauekin ekinean jarraituz eta Estatuei euskal herritarron hitzari errespetua exijituz, beste biderik ez baitago herriaren libertatetik eratorritako bakean bizitzeko.[...]

Agiria osorik irakurtzeko, egin klik hemen:

www.berria.info/agiriak/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.