Eusko Legebiltzarrerako bozak

Equo Berdeak ez da aurkeztuko hauteskundeetara Ahal Dugu-rekin koalizioan

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren «betoa» salatu dute.

Jose Ramon Becerra, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
2020ko otsailaren 21a
11:35
Entzun

Equo Berdeak alderdiak iragarri du ez direla Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara Ahal Dugu-rekin aurkeztuko, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren «betoa» medio.

Dagoeneko bakarrik erregistratu dute hautagaitza, baina «aukerari ateak irekita uzteko soilik». Izan ere, azken erabakia oinarriek hartuko dute, otsailaren 29ko batzarrean. Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko Equoren legebiltzarkideak esan du Equok ez diola inoiz Elkarrekin Podemosi «traizio egin». «Estatu mailako Podemos da abandonatu eta betoa jarri diguna», erantsi du.

Gaur egun, EPk 11 legebiltzarkide dauzka: Ahal Dugu-k zortzi ditu, Ezker Anitza-IUk bi eta Equok bakarra.

Azaroaren 10eko Espainiako bozetara ez aurkeztea erabaki zuten, ez Mas Paisekin, ezta Elkarrekin Podemosekin ere, EAEko kideak ez zirelako ados jarri. Equo Berdeak Mas Pais Iñigo Errejonen alderdiaren aldeko botoa eskatu zuen.

Duela bi egun eskas, ordea, Equokoak kontrakoan zeuden. Jakinarazi zuten Ahal Dugu-rekin eta Ezker Anitzarekin aurkeztuko zirela bozetara, koalizioak dituen oraingo «baldintzei» eusten baldin bazien. Hori erabaki zuten alderdi ekologistaren oinarriek, «gehiengo nabarmenez». Primarioen prozesua hasi zuten hautagaiak nortzuk izango ziren erabakitzeko.

Prentsaurrekoan galdetu diote Becerrari ea bakarrik aurkeztuko diren, eta adierazi du «oraingoz» hautagaitza erregistratu dutela. Gaur da horretarako azkeneko eguna. Alderdiak otsaileko azken egunean, 29an, larunbatarekin, erabakiko du bozetara aurkeztu edo ez. Becerrak azpimarratu nahi izan du Elkarrekin Podemos koalizioari inoiz ez diotela «traiziorik egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.