Equo Berdeak alderdiak oniritzia eman dio bere koalizio Elkarrekin Podemosek EAEko 2020ko aurrekontuetarako Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari. Erika Martinez eta Jose Ramon Becerra eledunek esan dute militanteen %30ek hartu dutela parte barne kontsultan, eta haietatik %98 azaldu direla kontuak «onartzea ahalbidetzearen» alde. Besteek kontrako botoa eman dute. Martinezen eta Becerraren hitzetan, militanteek jarrera «eraikitzailea eta pragmatikoa» erakutsi dute.
EPk 11 legebiltzarkide dauzka, eta horietako bik jakinarazi dute aurrekontuen aurka bozkatuko dutela: Ezker Anitza-IUko biek. Ahal Dugu-k zortzi ditu, eta Equok, bat —Becerra da—; bederatziok abstenitu egingo dira, eta, hala, aurrekontuak EAJko (28) eta PSE-EEko (9) legebiltzarkideen botoekin aterako dira aurrera. EH Bilduk (18) eta PPk (9) kontrako botoa emango dute.
Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkide eta idazkari nagusiak eskertu egin du EPren jokabidea, «akordioan sartzeko gauza izan delako. Zuzenketen bidez, hobeak izango dira aurrekontuak». Mendiaren arabera, EPk legealdiko hiru urteetan «deskubritu du ez duela ezer lortu herritarrentzat», eta «poza» azaldu du koalizioak akordioen bideari heldu diolako.