Euskal herritarrek eta katalanek mosaiko bat egingo dute irailaren 5ean Soudet gainean (Ereta, Biarno), herritarrek beren etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ilundu orduko irudikatuko dute argien bidez Freedom hitza —askatasuna—, eta biharamunean Frantziako Tourraren 9. etapa handik igaroko dela baliatuko dute «nazioarteko komunitateari» mezu bat bidaltzeko: «Katalunian zein Euskal Herrian auzia bat eta bera da; herritarrek beren etorkizuna libre erabaki nahi dute, eta behin eta berriz eragotzi egiten zaie».
Freedom ekinaldia Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Llum i Llibertatek antolatu dute elkarlanean. Egitasmoak oinarrian du Llum i Llibertateko kideek 2019an Montserraten egin zuten ekintza, baita ondoren Gure Eskuk Euskal Herriko hamaika tokitan egindako Argi Dugu Bidea egitasmoa ere. Freedom-ek euskal herritarren eta katalanen arteko elkarlanean «mugarri» izan nahi du; «aurrerantzean elkarrekin egin nahi dituzten urratsen aurrekari».
Ekinaldian parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Gure Esku-ren web orrialdean. Horrez gain, irailaren 5ean nork bere maskara eraman beharko du, baita linterna edo frontala ere.
Hitzaldia Bilbon
Horrez gain, ANCko presidente Elisenda Paluzie Bilbon izango da datorren ostegunean, hilak 3. Hitzaldi bat emango du 18:30ean, Bizkaia Aretoan, Independentismo katalana Espainiako Estatuaren errepresioaren aurka izenburupean. Aurrez aurreko solasaldia izango da, baina lekua mugatuta egongo da. Gainera, egun horietan Paluzie alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile ugariekin batzartuko da.