Naziometroaren arabera, erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa 2020az geroztik izandako baliorik handienetariko batera iritsi da: Euskal Hirigune Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak euren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketen itaunduta, galdekatutakoen %69,9k baietz erantzun dute. Independentziari buruz zuzenean galdetuta, ordea, galdetutakoen %46,4 aurka egongo lirateke —2025ean %43,2 ziren—, eta %23,3 ados —2025ean %22,2 zeuden ados—. Independentziaren inguruan axolagabe ageri direnak %10,4raino jaitsi dira; duela urtebete %23,9 izan ziren.
Euskal herritarren %23,3 independentziaren alde egongo lirateke, eta %46,4 kontra
Erabakitzeko eskubidearen aldeko babesa %63,9an zen 2020ko azaroan, %71ra iritsi zen 2021eko martxoan, eta nabarmen jaitsi zen 2021eko azaroan (%57,5). Azken urteetan «susperraldi jarraitua» izan da, Naziometroaren arduradunek adierazi dutenez: %66,3, 2025ean; eta %69,9, 2026an. Beraz, erabakitzeko eskubideari dagokionez, joera orokorra «goranzkoa» da, inkestan jasotzen denez.
Herri galdeketa baten aldeko babesa, berriz, %65,9koa da; eta %13,1era jaitsi da horren kontra daudenen portzentajea. «Gutxieneko historikoa» da, Naziometroaren arduradunen arabera. Erreferendum bat egitearen aldeko babesa «nabarmen» aldatu da neurketen artean: 2021ean izan zuen emaitzarik altuena (%67,8), eta 2023an baxuena (%52,6). Azken bi neurketetan gora egin du: %62,7 eta %65,9, hurrenez hurren.
Independentzia eta euskal estatua
Naziometroan bi galdera egin ohi dituzte herritarren burujabetza nahia neurtzeko: alde batetik, inkesta egiten dutenei zuzenean galdetzen diete ea Euskal Herriaren independentziarekin ados dauden ala ez, eta, beste aldetik, euskal estatuaren aukeraz ere itauntzen diete. Inkestan jasotako datuen arabera, euskal herritarren %46,4 independentziaren aurka egongo lirateke, aurreko edizioan baina gehiago, orduan %43,2 baitzeuden kontra; inkestatuen, berriz, %23,3 ados egongo lirateke independentziarekin, 2025ean baino gehiago horretan ere, orduan %22,2 baitzeuden alde. Izan ere, %10,4ra jaitsi dira axolagabe ageri direnak.
Horiek horrela, independentziaren aldeko jarrerak «baxu baina nahiko egonkor» jarraitzen du, %21 eta %26 artean. Ikerketaren egileek azpimarratu dutenez, ordea, independentziaren kontrako jarrera «nagusia eta konstantea» da oraindik, %42 eta %47 artean.
Independentziaren inguruan axolagabe ageri direnak %10,4raino jaitsi dira. Duela urtebete %23,9 ziren
Azkenik, gora egin du euskal estatu baten aldeko babesak. Horrela, bozketa hipotetiko batean, euskal estatu baten aldeko babesa %41,1eraino iritsiko litzateke; eta horren aurkakoa %27,7raino. «Bi jarreren arteko 13,4 puntuko aldea 2020tik erregistratutako handiena da», nabarmendu dutenez.
Naziometroaren arduradunen arabera, datu horiek iradokitzen dute independentzia kontzeptuak identitate edo joera politiko jakin batzuekin lotura handiagoa izan dezakeela herritarren iruditerian; haien ustez, «gatazka politikoarekin lotuagoa». Euskal estatua formulazioa, ordea, «ongizatearekin» identifikatuko lukete herritarrek.