Euskal herritarren ustez, ongizatea arriskuan jartzen duten faktore nagusiak ez dira «fisikoak», sozioekonomikoak baizik: zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera faltak (%78,4) eta erretiro pentsioen etorkizun ziurgabeak (%74,2) sortzen dute kezkarik handiena. Polizia kidegoei dagokienez, konfiantza mugatua eta ikuspegi kritikoa dute herritarrek: heren batek baino gutxiagok jotzen ditu eraginkortzat beren helburu nagusietan.
Horiek dira Naziometroaren datuetatik atera dituzten ondorio nagusietako batzuk. Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Aztiker soziologia ikerguneak ondu dute Naziometroa; zortzigarren neurketa dute 2020an Euskal Herri osoko herritarren pertzepzio, joera eta iritziak aztertzeari ekin ziotenetik, eta, oraingoan, naziotasunaren eta estatus politikoaren inguruko ohiko itaunez gain, segurtasun pertzepzioaz, polizienganako konfiantzaz, eta haien kontrol eta gardentasun mekanismoez galdetu dute ikerketan.
Orotara 1.446 euskal herritarri egin diete inkesta, 2026ko apirilean. Horiek horrela, ikerketaren emaitzak gaur aurkeztu dituzte, Bilbo Bizkaia aretoan egindako prentsaurrekoan; han izan dira Marian Iriarte EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea, Malen Dominguez Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiko zuzendari exekutiboa, Arkaitz Fullaondo Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea eta Asier Etxenike Aztiker soziologia ikerguneko arduraduna.
Naziometroaren VIII. neurketaren arabera, herritarren %80k uste dute bere ingurune hurbila, herria eta Euskal Herria «leku seguruak» direla. «Segurtasun pertzepzioa sendoa da; arrisku sozioekonomikoek kezka handiagoa sortzen dute», Etxenikek nabarmendu duenez. Hain zuzen, herritarren ongizate edo segurtasun pertsonala arrisku «handian» jarriko luketen hainbat egoerari buruz galdetu diete: %78,4k erantzun dute zerbitzu publikoak baliatzeko aukerarik ez izateak sortzen diela kezka, eta %74,2k erretiro pentsioen etorkizun ziurgabearekin kezkatuta daudela. Etxenikek azaldu duenez, «segurtasunaren kontzeptuak dimentsio sozial eta ekonomiko nabarmena hartzen du Euskal Herrian».
Polizien jarduna
Polizia kidegoek «konfiantza moderatua» pizten dute, «kasurik onenean ere», Naziometroaren arduradunen ustez: %43,3k dute konfiantza «ertaina edo handia» Ertzaintzarengan eta Nafarroako Foruzaingoarengan, %32,2k Frantziako eta Espainiako poliziengan, eta %26k udaltzaingoarengan.
Gainera, galdetutako herritarren gehiengoak ez du uste Poliziak herritar guztiekin berdin jokatzen duenik beti, ezta eskubideak sistematikoki errespetatzen dituenik ere: %37,2k baino ez dute uste udaltzainek «ia beti» edo «beti» berdin jokatzen dutela herritar guztiekin, %39,3k uste dute hori Ertzaintzari edo Foruzaingoari buruz, eta %34,8k Espainiako eta Frantziako poliziei, Guardia Zibilari eta Jendarmeriari buruz. Poliziaren jardunari dagokionez ere kritikoak dira: heren batek baino gutxiagok jotzen du eraginkortzat bere helburu nagusietan.
Galdekatutakoen erdiek baino gehiagok (%55,1) harreman zuzena izan dute Poliziarekin, baina esperientzia horren balorazio emozionala «konplexua» da, Etxenikek nabarmendu duenez. Sentipen positiboak nagusi dira galdeketa egin dutenen artean: %73,1 «eroso edo seguru» sentitu dira. Hala ere, sentipen negatiboak ere oso presente daude: %39,3ri «urduritasuna edo beldurra» piztu zaie, eta %35,8ri frustrazioa. «Datu horiek iradokitzen dute esperientzia pertsonalek nabarmen eragiten dutela Poliziaren pertzepzioan», adierazi du Aztiker soziologia ikerguneko kideak.
Bestalde, inkestatuek argi erakusten dute zer espero duten Poliziarengandik: gardentasun neurriak eta kontrol mekanismoak. Gardentasun neurrien artean, %87,8k aipatu dute identifikazio zenbakia agerian eramatea, eta %78,7k gorputzeko kamerak eramatea. Kontrol mekanismoei dagokienez, barne kontrolaren (%80,5) eta kanpoko organismo independenteen kontrolaren (%62,8) beharra azpimarratu dute.
Indarra erabiltzeko tresnek, aldiz, babes txikiagoa jasotzen dute: %35,1 baino ez daude «ados» edo «oso ados» gomazko balak erabiltzearekin, eta %27,6 eremu publikoan arma luzeak eramatearekin.