Eraikin publikoetan kartelak debekatu ditu Barcinak

Nafarroako Gobernuak azaldu du kartelek langileen jarrera inpartziala urratzea eragin lezaketela

2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Eraikinak era desegokian eta norberaren interesetarako erabiltzeak langileen jarrera inpartziala eta neutrala urratzea eragin lezake, baita jardun publikoetan dabiltzanean euren iritzia ez azaltzeko betebeharra urratzea ere». Argudio horretan oinarrituta, Nafarroako Gobernuak erabaki du Nafarroako Administrazioaren eraikin publikoetan kartel, pankarta edo paskinak debekatzea, informazio sindikalaren ohar tauletan ez bada.

Hori erabaki du gobernuak, haren esanetan, azkenaldian lanaren inguruko protesta gehiago egiten direlako eta protesta horiek egiteko, legezko neurriez gain, administrazioaren eraikinak erabiltzen direlako: eraikinen kanpoaldeak, barrualdeak eta zerbitzu publikoen auto edo bestelako elementuak, besteak beste.

«Eraikin publikoetako elementu guztiak zerbitzua emateko daude sortuta, eta ez administrazioko langileen interes partikular edo kolektiboak asetzeko, horiek zilegitasun osoa izan dezaketen arren», adierazi du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek.

«Argi gera dadila eraikin publikoak eta zerbitzu publikoentzako erabiltzen diren bestelako eraikinak ezin direla beste jardueratarako erabili», ohartarazi du Sanchez de Muniainek. Erabakia urratzen duenari Funtzio Publikoetako zigorrak eta langile publikoen inguruan zehaztutakoak ezarriko zaizkio.

Nafarroako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du etorkizunean, eraikin publikoetan kartelak jarri aurretik, eraikin bakoitzeko buruak onartu beharko dituela eta egungo araudia errespetuz zaindu beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.