Etxebizitza eta zuhaitz 'taupadak' Abandon

Abandoko geltokiaren gaineko hirigintza proiektuaren irabazlea aurkeztu du Bilboko Udalak. Parke luze bat du erdian, eta altuera ezberdineko eraikinak alboetan.

Abandoko geltokiaren gaineko hirigintza proiektua
Hirigintza proiektua irabazi duen proposamena. BILBOKO UDALA
jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 15a
14:30
Entzun

Abiadura handiko trena lur azpitik iritsiko da Bilbora eta Gasteizera. Hiriaren azpian izango dituzte geltokiak. Horrek lur eremu zabal bat utziko du udal agintarien esku, hirigintza planetarako. 130.000 metro koadro Bilbon, Abandon. Bilboko Udalak aukeratu du bere etorkizuneko proiektua: Bilboko Taupadak proposamenak irabazi du Abandoko geltokiaren gaineko eta inguruko lurrak antolatzeko —eta eraikitzeko— egitasmoen lehiaketa. 

Iazko martxoan abiatu zuten lehiaketa. Talde batek irabazi du: OVE Arup & Partners SAU, Arquitectura Agronomia SLP eta G&C Arquitectura y Urbanismo estudioek osatutakoak. Masterplana egin beharko du orain. Masterplan horretan zehaztu beharko dituzte hiri antolamendu zehatza, aukeren eta aldaeren azterketa eta urbanizatze aurreproiektua. 293.388,43 euro jasoko ditu horretarako.

Parke bat da eremu berriaren ardatza, eta altuera ezberdineko eraikinak ditu alboetan. 1.000-1.100 etxe inguru egingo dituzte, %43 babestuak, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak zehaztu duenez. Bilboko Udalak nabarmendu du proiektu irabazleak indartu egiten duela etorkizuneko parkearen jarraitutasuna eta integratu egiten duela geltokiaren ganga historikoa. «Gainera», azaldu du, «eraikinak altuera desberdinekoak dira, eguzkiaren argitasun handiagoa lortzeko». 

«Zuhaitzek parkea zatitzen dute, eraztunen bidez», zehaztu du udalak. «Kanpoko perimetroan, tamaina handiagoko landareak daude, eta, erdiguneetan, landare gutxiagoko eremu argiagoak. Hala, parkea Hurtado de Amezaga kalearekin lotzen da, geltokiko gangaren barrualdetik». Nabarmendu du proiektuak nola integratzen dituen garraio mota ezberdinak.

Eperik ez

Ez dute zehaztu eperik. Izan ere, Abandoko geltokiak berak ere ez baitu egiteko eta bukatzeko eperik. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak iazko urte bukaeran esan zuen Basauri eta Abando arteko tren lotura, tunel luze baten bidez, ez dela prest egongo 2033 baino lehen.

Honako kide hauek osatu dute epaimahaia: Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia; Javier Martínez Callejo arkitekto eta Hiri Plangintzako zuzendaria; aurreko zuzendaria, Mikel Ocio arkitekto urbanista; Pablo Martínez Mendizabal, ADIFen ordezkaria; Izaskun Aseginolaza arkitekturan doktorea —EHUko Arkitektura Eskolako Hirigintza eta Lurralde Antolamenduaren arloan—; Macarena Ruiz Redondok, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak izendatutako arkitektoa; eta Carlos Alzaga, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak izendatutako ingeniaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.