Etxebizitza eskubide bat dela defendatzen duten hainbat eragilek bat egin dute Bilbon. Egoeraren larritasunaz jabetzeko balio duten zenbait datu eman eta erakunde publikoen politikak salatu dituzte, «herritar gehienei etxebizitza duin bat eskuratzea» galarazten baitiete: «Haren prezio garestia faktore bat da pobretzean eta gizarte bazterketan. Denoi eragiten digun arazo bat da».
Besteak beste, adierazi dute administrazioak interes gutxi duela arazoa konpontzeko, etxebizitzek merkatuaren logikatik kanpo egon beharko luketela eta erakundeen erantzukizuna dela hori bermatzea. Horregatik, exijitu diete alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza handitzeko, etxebizitza hutsen berehalako aprobetxamendu publikoa bermatuko duten neurriak hartzeko eta inork kalean lo egin ez dezan baliabideak eskaintzeko.
Agerraldia Bilboko kale nagusian egin dute, Etxebideren egoitzaren parean, hainbat gizarte eragilek deituta: ELE Etxeko Langileen Elkartea, Atxurigorri, Atxuri Harrera, AZET Etxebizitza Sindikatua, Belaunaldi Galdua, Berri-Otxoak, Bilboko EH Bildu, Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Bizizaleak, Goazen, Bilboko Bizilagunen Elkarteen Federazioa, LAB Sindikatua, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Podemos Euskadi.
«Erakundeek merkatuan esku hartzeko baliabideak dituzte, baina, horren ordez, haien kudeaketa espekulazioa bultzatzeko eta arazoa ezkutatzeko pentsatua dago»
ETXEBIZITZA ESKUBIDEAREN ALDEKO GIZARTE ERAGILEAK
Lehenik eta behin, etxebizitzaren arazoaren «alde dramatikoena» izan dute hizpide: gaur egun, Bilbon, 600 pertsonak baino gehiagok egiten dute lo kalean, eta, datu ofizialen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.500 baino gehiago dira. «Benetako datuak horiek halako bi direla kalkulatzen dugu», gehitu dute.
Datuetan sakondu dute egoeraren berri emateko. EAEn, etxebizitza libre berrien metro koadroak 3.368 euro balio du batez beste, iaz baino %19 gehiago, eta alokairu librean eskaintzen diren etxeen prezioa, berriz, 819 eurokoa da batez beste, duela hamar urte baino %30 garestiagoa. Bilbon nabarmen garestiagoak dira prezio horiek.
70.000Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zenbat etxe huts dauden. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 70.000 etxebizitza huts daude: horietatik 34.000 Bizkaian, eta 9.000 Bilbon.
Etxebiden 103.000 lagun daude izena emanda orain, 2024an baino 10.000 gehiago, eta haietatik 80.000 alokairu eskatzaileak dira. Eskaintza, ordea, oso urria da: azken hamasei urteetan alokairu sozialeko 7.500 etxe soilik eraiki dira. Gainera, 16.000 eurotik beherakoa da izena emanda dauden familia unitateen urteko diru sarreren batez bestekoa. «Horregatik, ez dute aukerarik merkatu librean sartzeko, ezta etxebizitza babesturik erosteko ere», azaldu dute.
Izan ere, jabetzan eskuratu daitezkeen babes ofizialeko etxeen prezioa ere gehiegizkoa dela iritzi diote gizarte eragileek: «Ezin zaio babes ofizialeko etxebizitza deitu. Prezioak 170.000 eta 270.000 euro artekoak dira, eta nabarmen garestitu dira azken urteetan». Bilbora begiratuta, salatu dute Zorrotzaurren 320.000 eurotan ari direla saltzen babes ofizialeko etxebizitzak.
Eskubide bat
Argi dute erakunde publikoek egoera konpontzeko interes gutxi dutela; izan ere, azaldu dutenez, Jaurlaritzak 482 milioi euro soilik jarriko ditu etxebizitzarako 2026an, eta industriarako, berriz, 17.000 milioi.
Gizarte eragileek adierazi dute etxebizitza eskubide bat dela, baita «merkatuaren logikatik kanpo» egon behar duela ere: «Erakundeen erantzukizuna da eskubide hori bermatzea. Merkatuan esku hartzeko eta etxebizitza eskubidea babesteko baliabideak dituzte, espekulazioari amaiera eman ahal diote, baina, horren ordez, haien kudeaketa espekulazioa bultzatzeko eta arazoa ezkutatzeko pentsatua dago».
Erakundeek familiak etxetik botatzen jarraitzen dutela salatu dute, eta kriminalizazio mediatikoko politikak eta kaleratzeak bultzatzen dituztela pertsona zaurgarrienak bizi diren tokietan. Bilbon, adibidez, Atxuriko kantxetan eta Zorrotzaurren.
Neurri zehatzak
Egoerari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu dituzte. Lehenik eta behin, alokairu sozialeko etxebizitza publikoen eskaintza nahikoa eta eskuragarria izango dela bermatzea, errenta ez dadin izan hileko diru sarreren %20 baino garestiagoa.

Bestetik, esan dute etxebizitza hutsak «ezin onartuzko luxua» direla gaur egun, eta, horregatik, «berehalako aprobetxamendu publikoa bermatuko duten kontrol, penalizazio eta desjabetze neurriak» hartu behar direla. «Izugarria iruditzen zaigu Bilboko Udalak OHZ ondare higiezinen gaineko zergaren errekargua %75 soilik igotzea, askoz gehiago igo baitezake (%150); are gehiago, etxebizitza hutsak desjabetu ere egin litzake». Gogorarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 70.000 etxebizitza huts daudela; horietatik 9.000, Bilbon.
Azkenik, inork kalean lo egin ez dezan beharrezkoak diren baliabideak ezartzea galdegin dute: «Erakundeen gaitasunik eza salatzen dugu, baita baliabiderik eza ere, eta oztopo burokratikoak, arretarik eza eta larrialdi egoerei erantzuteko amaigabeko itxaronaldiak».