Bizkaiko udalak, etxe hutsen OHZren errekargua igotzen

Hutsik dauden etxeen jabeen ondare higiezinen gaineko zergan %150erainoko errekargua egitea baimendu die diputazioak udalei. Batzuek baimendutako igoera osoa ezartzea erabaki dute; beste batzuek igoera txikiagoa onartu dute.

Babes ofizialeko alokairuko etxebizitza batzuk, Bilboko Arangoiti auzoan, artxiboko irudian. BERRIA
Babes ofizialeko alokairuko etxebizitza batzuk, Bilboko Arangoiti auzoan, artxiboko irudian. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 12a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Foru gobernuak eta Elkarrekin Bizkaiak apirilean adostutako berrikuspen fiskalean, hutsik dauden etxebizitzen OHZ ondare higiezinen gaineko zergaren errekargua %150era handitzea baimendu zitzaien Bizkaiko udalei. Hau da, OHZ %150eraino handitzeko aukera eman zitzaien. Herri bakoitzak etxebizitza tasa karga orokor bat du, oinarria litzatekeena. Esaterako, Lekeitio da hazkunde hori onartu duen azkenetako bat. Lekeition %0,21ekoa da karga. Etxeak katastroan duen balioa %0,21ekin biderkatuta lortzen da OHZ. Baina karga horri errekarguak eta hobariak gehitu ahal zaizkio, etxejabea saritzeko edo zigortzeko. Kasu horetan, etxea hutsik izateagatik zigortu gura dituzte, eta %0,21eko karga hori %150 handituko zaie Lekeition etxea hutsik dutenei, %0,525eraino. 

EH Bilduk ez zuen Bizkaiko zerga berrikuspena babestu, baina justu neurri horren alde agertu izan da. Lekeitiok ez ezik, beste hainbat udalek ere errekargua igotzeko erabakia hartu dute, baina tokian-tokian ezberdina izan da onartutako hazkundea. Neurri batean etxebizitzaren arazoaren tamainak ere eragina izan du zenbatekoa erabakitzeko orduan. Lekeition, berbarako, larria da. Etxe asko hutsik egoten dira urtean zehar, udatiarrak noiz ailegatuko. Errekargu berria 2026an sartuko da indarrean, eta udalerriko etxeen %17ri eragingo die; hau da, 909 etxeri.«Herrian oso zaila da etxebizitza bat lortzea. Egoera honetan ezin dugu onartu hainbeste hutsik egotea. Lekeitiarrek dituzten arazoetan garrantzitsuenetakoa da», esan du Ander Aldazabal alkateak. Oposizioan dagoen EAJk, ostera, neurriaren aurka bozkatu du. Oier Zuberegoitia zinegotzi jeltzalearen ustez, «dirua biltzeko asmoa baino ez du». 

Basaurin, alkatetzan dago EAJ, PSE-EErekin koalizioan. Eta han bai, han udal gobernuak proposatuta onartu da errekargua %150ra handitzera. «Eskura ditugun tresna guztiak baliatuko ditugu», esan du Asier Iragorri alkateak. Horrez gainera, euren jabetzako etxea alokairu publikorako programetan sartzen duten basauriarrei OHZan %99ko hobaria egitea ere adostu dute. Beste horrenbeste egin dute jeltzaleek Sestaon ere: gobernukide dituzten sozialistekin eta oposizioan dagoen Elkarrekin Sestaorekin errekargua %150era igotzea adostu dute. 

Zaldibarren ere, EH Bilduren udal gobernuak ahal izan duen igoera handiena onartu du. Baina koalizio subiranistak ez du neurri bera babestu leku guztietan. Markina-Xemeinen agintean dago, eta han errekargua %50era baino ez du igo. Oposizioan dauden jeltzaleek ere babestu dute igoera. Udalerriko etxeen %18 daude hutsik. 

Bilbon ere ez dute diputazioak baimendutako igoera ezarriko. %25ekoa izan da orain artekoa —lehen diputazioak %50ra artekoa izatea baimentzen zuen—, eta 2027tik aurrera %75ekoa izango da. Hutsik dauden 9.000 etxeei eragingo die. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorio izan da erabakia. Koalizioak %150eko errekargua eskatzen zuen, baina udal gobernuak zuzenketa bat aurkeztu zion mozio horri. Azkenean EH Bilduk udal gobernuaren zuzenketa babestu zuen, eta onartu zuen igoera %75ekoa izatea. «Albiste ona da errekargua %25etik %75era igo izana, nahiz eta guk uste dugun gehiago egin genezakeela eta foru aldundiak baimendutako errekargua ezarri», adierazi du Maria del Rio EH Bilduko zinegotziak. Marta Ajuria Ogasun zinegotziak azaldu duenez, gaur egun etxe hutsen jabeek 60 euroko errekargua ordaintzen dute OHZn, eta bi urte barru 120 euro ordainduko dituzte, batez beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.