Euskaraldia hasi da Euskal Herriko karriketan, eta arratsaldean egingo diren hasiera ekitaldien ostean hauspoa hartuko du, baina erakundeak goizetik hasi dira atxikimendu keinuak egiten. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuaren atarian, bietan egin dituzte egitasmoarekin bat egiteko bilkurak. Udaletan-eta ere ekitaldiak askotarikoak izan dira. Horietako askotan elkarren abaroan jantzi dituzte txapak ordezkari publikoek.

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere egin dute bat egitasmoarekin. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollok Nafarroako Parlamentuan bertan izan du hizpide gaia. «Hitz egiten ez den hizkuntza bat ez da hizkuntza bizi bat», ohartarazi du. Gobernuak Euskaraldia beti babestu duela gogoratu du, eta gizartearen atxikimendua izango duela orain berriro: «Milaka nafar izango gara ahobizi edo belarriprest». Proposamen bat ere egin du: hirugarren txapa bat eranstekoa: «Euskaltzalearena: ez du ulertzen, ez du hitz egiten, baina defendatu eta baloratu egiten du».
Nabarmendu egin nahi izan du Ollok igaro urteotan euskarak Nafarroan izan duen zabalkundea ere: 100.000 herritar euskaraz ondo moldatzen direla esan du, eta 77.000k ulertu egiten dutela. «Orain dela hiru hamarraldi erdiak ziren».
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales Euskaraldiaren txapa soinean jantzita agertu da bideo batean. «Lehen hitza» beti euskaraz egiteko deia egin du. Eta nabarmendu egin du txaparen garrantzia: «Ez da edonolako txapa, gure konpromisoa erakusteko da. Ahobizi edo belarriprest izanda, bietara, zerbait egin daiteke», azaldu du. «Eguneroko martxan, adiskideekin, familiarekin, lanean... Aukerak badira euskaraz gehiago hitz egiteko eta erabileran jauzi bat egiteko».