Irail amaieran ospatu ohi du EAJk Alderdi Eguna, eta aurtengoa irailaren 27an egingo du, Forondan (Araba), Alderdia bizi lelopean. Berezia izango da, eta ez bakarrik hauteskunde aro baten atarian egingo dutelako, maiatzeko udal eta foru bozak buruan; izan ere, 50. Alderdi Eguna izango da aurtengoa, 1977ko irailaren 25ean antolatu baitzuten estreinako aldiz, Done Mikel Aralarkoan (Nafarroa), eta urteurren borobil horren harira hainbat ekitaldi prestatu dituzte jeltzaleek.
Sabino Arana fundazioak atondutako erakusketa bat da ekitaldi sorta horretako lehenengo atala. EAJren egoitza nagusian egongo da ikusgai, Sabin Etxean (Bilbo), eta Alderdi Eguna iragartzeko argitaraturiko 50 afixak biltzen ditu. EAJren EBBren presidente Aitor Esteban, EBBren idazkari Maitane Ipiñazar eta Sabino Arana fundazioko presidente Arantxa Tapia izan dira aurkezpenean.
Kartel sorta «mende erdiko ondare oparoa» da, Ipiñazarren esanetan, eta garaian garaiko «gertakari nagusiak eta lehentasun politikoak» erakusten ditu. Han dago 1977ko lehen Alderdi Egun haren kartela, ikurrin handi bat eta Batasuna eta indarra goiburua agerian; han dago 1983ko uholdeen ostean egindakoa, lelo esanguratsu batekin: Aurrera irtengo gara. Eta han dago alderdiaren irudiak 50 urte hauetan izandako bilakaera ere: 1986ra arte, ikurrinaren koloreak eta Sabino Aranaren hazpegiak dira gehien erabilitako osagaiak, eta, 1987tik aurrera, bestelako irudi eta argazkiak agertzen dira.
131 urteko alderdia
Aralarren egindakoaz geroztik, Olarizun (Araba), Aixerrotan (Getxo, Bizkaia), Itziarren (Gipuzkoa), Aiegin (Nafarroa), Altuben (Araba) eta Salburuan (Araba) egin izan dituzte Alderdi Egunaren ospakizunak, baina azken urteotan Foronda (Araba) hartu dute ohiko kokalekutzat. Han izango da aurtengoa ere, Alderdia bizi lelopean: «131 urte dituen alderdia da EAJ», azaldu du Ipiñazarrek; «alderdia bizirik dago batzokietan, eztabaidetan eta, bereziki, proiektu hau gauzatzen duten pertsona guztiengan».
Urteurrenaren karietara, «ekitaldi berezi ugari» antolatuko ditu EAJk; gehienak Forondan bertan egingo dituzte ospakizunen egunean, baina beste batzuk irail osoan egingo dituzte. Erakusketa da horietatik lehena, eta beste baten berri eman du Ipiñazarrek: irailaren 21ean, Alderdi Egunaren aurreko azken bilera Done Mikel Aralarkoan egingo du EAJren Euzkadi Buru Batzarrak, 1977ko lehen Alderdi Egun hura gogoan.
«Familia jeltzale osoa» gonbidatu du Ipiñazarrek festara: «Alderdi Eguna topagunea da, elkartzeko, besarkatzeko eta ondo pasatzeko eguna».