Eraso matxista bat egitea egozten dioten Irungo alarde baztertzaileko buruetako bat babesteko elkarretaratze bat egin dute

Alarde baztertzaileko batzordeak zigorra jarri dio gizonari, hutsegite larria egin duela eta. Hori Agintarien Batzordeari jakinarazteko bilera izan dute, eta dozenaka herritarrek protesta egin dute atarian. Eraikin publiko batean egin dute bilera.

Palmera Montero gunearen aurrean batutakoak, atzo. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko otsailaren 3a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsak harrotuta daude Irunen (Gipuzkoa). Alarde baztertzaileko batzordeak zigorra jarri dio alarde matxistako buruetako bati, hutsegite larria egitea egotzita. BERRIAk jakin duenez, gizonak egindako eraso matxista bat izan zen, iazko alardearen bueltan gertatutakoa. Atzo bilera egin zuten alarde baztertzaileko batzordeak eta Agintarien Batzordeak, bigarren horri hartutako erabakiaren berri emateko. Atarian, dozenaka herritarrek protesta egin zuten, zigorraren aurka eta eraso egitea leporatutako gizonaren alde. Gizonak helegitea jartzeko aukera dauka.

Alarde baztertzaileko agintariak Palmera Montero gunean batu ziren. Leku hori Irungo Udalarena da; publikoa, beraz, baina emakumeei soldadu gisa desfilatzea ukatzen dieten alarde baztertzaileko kideek erabili zuten atzo arratsaldean. Haren aurrean bildu ziren dozenaka herritar, Alardeko Batzordeak hartutako erabakia gaitzesteko, eta gizona babesteko. 

Agintarien Batzordeko kideak iritsi ziren lehenengo; gero, Alardeko Batzordekoak. Eraikinaren atarian zeuden herritarrek txistuka eta oihuka hartu zituzten, iraindu egin zituzten, eta dimisioak eskatu zituzten. Hiru ordu inguru iraun zuen bilerak.

Zera jakinarazi zuen bileran Alardeko Batzordeak: hutsegite larri batengatik jarriko ziotela zigorra gizonari. Alarde baztertzaileko ordenantzak dio horrelako kasuetan pertsona horri kargua kenduko diotela eta alarde baztertzailean desfilatzea galaraziko diotela, gehienez ere bi urterako. Helegitea jar dezake, eta Alardeko Batzordeak izango du hura aztertzeko eskumena; gehienez ere hamabost egun izango ditu azken ebazpena emateko.

Eraso gehiago

BERRIAk jakin ahal izan duenez, ez zen hori izan Irungo San Martzial festetan, alardearen bueltan, egindako eraso matxista bakarra. Ez dute beste kasuen inguruko informaziorik jakinarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.