Erasoak eta tratu txarrak jasan zituen neska batek ezin izan ditu ikasketak bukatu; erasoa egin zuena, baina, ikasketak amaitzen ari da. Eta hori, «unibertsitatearen kudeaketa desegokiaren ondorioz», Bilboko Gazte Sare Feministak eta Ikamak salatu dutenez: «Mondragon Unibertsitatea eraso sexisten konplizea da, erasotzaileak babestuz eta eraso egin dietenak alde batera utziz eta mespretxatuz».
Ohar bateratua atera dute bi talde horiek Mondragon Unibertsitateko Leinn programako (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua) kasu baten berri emateko. Bertan esplikatu dutenez, gradu horretako mutil batek neska bati eraso egin eta tratu txarrak eman zizkion.
Gradu hori aitzinera eramateko, ikasleek unibertsitateak antolatutako bidaia guztietan parte hartu behar dute, eta horietan hainbat lan egin behar dituzte klasekideekin. Bada, bidaia horietako batean neskak erasoaren berri eman zien irakasleei eta unibertsitateari.Â
«Hasieran, unibertsitatearen 'konponbidea' neskari klaseko bidaiatik alde egiteko proposamena izan zen; izan ere, kanpoan zeuden bitartean ezin izango zuen laguntza psikologikorik jaso», dio oharrak. Erasoa jasan zuenak bidaian jarraitu nahi zuenez, alternatiba batzuk proposatu zizkien irakasleei: arta psikologikoa online jasotzea, erraterako. Ezetz erantzun zioten, eta Bilbora itzultzera behartu, oharrean salatu dutenez.
Bilbora itzuli zenean, baina, egoera «guztiz aldatu» zela adierazi dute ikasleek, unibertsitateak eskainitako neurriek ez zutelako «izaera laguntzailerik». Are, nabarmendu dute unibertsitatea neskarekin harremanetan jarri zenean haren testigantza «etengabe» jarri zuela zalantzan. «Hori nahikoa ez, eta erasotzaileak prozesu judizial bat abiatu zuen neskaren aurka, difamazioaren argudiopean. Aldi berean, unibertsitateko irakasleen gehiengoak aliantzak sortu zituen erasotzailearekin», gehitu dute.
Aitzinago, ikasleak bidaiara bueltatzeko asmoa zuela erran zion unibertsitateari, baina ukatu egin zioten, bere «'segurtasunaren' izenean eta prozesua lasaiago egiteko aitzakian». Are, neska klasekideekin harremanetan jarri zen, talde lana egiten segitzeko, baina unibertsitateak hori egitea debekatu zion. Mutilak bidaian jarraitu zuen.Â
Horregatik, salatu dute hasieran unibertsitateak «aliatu feminista» gisa jokatu zuela, baina prozesu guztia «arazo instituzionalak saihesteko helburuarekin» abiatu zutela.Â