Errekaleor Bizirik plataformak gaur goizean jakinarazi duenez, hamazazpi emakumek Gasteizko epaitegian deklaratu beharko dute ostiralean, Errekaleor auzoan gertatutako sexu eraso batzuen aurka protesta egiteagatik. Gutxienez lau sexu erasoren egile izatea leporatzen zaion gizon baten etxepera joanak ziren emakume horiek, lapiko jotze moduko protesta bat egitera: plataformaren arabera, helburua "eraso gehiago eragoztea" zen, baina gizonak salaketa ipini zuen protestarien aurka, eta horiek deklaratzera deitu ditu orain epaileak.
Gizona Errekaleor auzo autogestionatuko kide ohia da. Bertako bizilagunek urtarrilean jakin zuten erasoen berri, emakume batek publikoki salatu zuenean. Orduan auzotik kanporatu zuten gizona, baina gerora erasoen berri izaten jarraitu dute. Besteak beste, biktimak sare sozialetatik eta telefonotik jazartzen eta mehatxatzen zituela jakinarazi du Errekaleor Bizirikek.
Erasoak salatu zituzten emakumeetako bat auzipetuen artean dago. Haien aurkako prozesu judiziala zabalduta, "berriro ere emakumeak kriminalizatu" dituztela salatu du plataformak. Babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute ostiral goizean, 10:30ean, epaitegien aurrean.