Eraso sexisten eta sexu indarkeriaren kontrako lege integralaren alde egin berri dute Frantziako Asanblea Nazionalean: 503 boz izan dira alde, eta bat ere ez kontra; 67 legebiltzarkide abstenitu dira. Txaloek luzaz iraun dute hemizikloan. Alderdi Sozialistakoek aitzinamendu «historikotzat» joa zuten proposatua zuten lege integrala; orduan, biziki ona iruditu zaie bozkaren emaitza. Halere, diputatuek berrehun elkarterekin landutako legea indarrean sartu aitzin —elkarte feministak eta haurren eskubideen aldekoak izan dira tartean—, Senatuak ere alde egin beharko du.
Lege integralaz gain, justizia sistemaren egokitzeko legea ere bozkatu dute arratsalde honetan, lehenaren segidan. Hain zuzen ere, lege integralak ezartzekoak dituen zenbait neurri bateraezinak dira gaur egungo justizia sistemarekin, eta, beraz, sistema horren berrikustearen alde ere egin du Frantziako Asanbleak: 503 boz izan dira alde, eta bat ere ez kontra. Berdin-berdin. Aho batez onartu dituzte bi legeak.
Justizia sailari dagozkion lege proposamenaren zenbait artikuluk, hain zuzen, desadostasunak eta eztabaidak piztu dituzte espazio publikoan lehenik, eta Asanbleako lanetan ondotik. LFI Frantzia Intsumisoak, erraterako, lege testuaren idazteko prozesua utzi zuen agorrilean, hartutako bidea «zigortzaileegia» iruditzen zitzaiolako, «eskuinekoegia», batzuetan erran dutenez, eta, gainera, «prebentzioaren arloan ez aski sakona».Â
Bestalde, legeari bermeak emanen lizkiokeen aitzinkontuari ez diote «aski segurtasunik» ikusten. Arratsaldean, talde politikoen bozak azaltzeko tartean, Clementine Autain LFIko diputatuak legebiltzarreko talde ekologista eta sozialaren erabakia esplikatu du: «Lege integral batek aitzinkontu integrala behar du. Beharrei erantzuteko moduan ote gara? Argiki, ez. Biktimen bizia hobetuko ote dugu lege honekin? Argiki, bai. Beraz, aitzinamenduak onartzen ditugu. Lege hau lehen urratsa da, horregatik bozkatuko dugu alde, baina borroka hasi baizik ez da egin».
Bozketa egin ondotik, hain justu, Celine Thiebault Martinez legearen txostengile nagusi eta Alderdi Sozialistako diputatua LFIkoei mintzatu zaie: «Pena dut ez baituzue gurekin lan egin; lanak bidean utzi baitituzue. Aitortu behar da, halere, 133 erabaki beste 133 neurri direla eraso sexisten eta sexu indarkeriaren biktimendako». Erran behar da legea aztertzeko prozesuan aitzina egin ahala —batez ere azken egunetan— LFIk zailtasunak izan dituela esplikatzeko zergatik ez dioten sostengurik adierazten lege proposamenari.
Espainian 2004an bozkatu zen lege esparruan inspiratu dira alderdi arteko honako lege integrala sortzeko tenorean. Hatsarreko lege testuak 69 artikulu zituen: batzordeetako lanen denboran —hainbat eztabaida tarteko—, 110era ere igan da kopurua, baina, azkenerako, 63 artikuluz osatua da Senaturako bidea hartu berri duen lege proposamena. Artikulu horiek, beraz, 133 neurri biltzen dituzte, Thiebault Martinez txostengileak zehaztu duenez. Horien artean hauek aipa daitezke, adibidez: ikerketa oinarri minimo baten ezartzea, polizia unitate berezi baten sortzea, eraso bat edo indarkeria jasaten duten emazteendako lan geldialdia, ikasleen urteroko elkarrizketa, atzerriko biktimen babestea...
Aldi berean, badaude zenbait angelu itsu ere, hala indarkeria ekonomikoari nola ASE zentro sozialetako haurrei begira, LFIkoek salatu izan dutenez.

