Eraso egin diote Marieneko lurretan militanteek landatu zuten baratzeari

Bideo baten bidez salatu dute erasoa, eta eragileek mobilizatzera deitu dute larunbaterako: txorimaloak eginen dituzte «saien kontra babesteko».

Marieneko lurretan landaketak egin zituztenekoa, Kanbon, maiatzaren 17an. GUILLAUME FAUVEAU
Marieneko lurretan landaketak egin zituztenekoa, Kanbon, maiatzaren 17an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko uztailaren 29a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Landareak lehertuak, altxatuak, paldoak eroraraziak, lurrak xehatuak: halaxe atzeman dute Kanboko Marieneko lurretan (Lapurdi) aurtengo maiatzean landatu zuten baratzea. ELBk, Lurzaindiak eta Ostiak deitu zuten baratzea landatzera, apiril hondarrean lurrak irauli ondotik. Horiek berek dute salatu, hain zuzen, baratzeari eraso egin diotela orain, eta mobilizatzera deitu dute larunbaterako, abuztuaren 2rako hots, baratzea «saien kontra babesteko»: txorimaloak eginen dituzte; herritarrei galdegin diete «jantzi zaharrak, txapelak eta girgilak» ekartzea horien mozorrotzeko.

Marieneko lurrei eraso diete. Lurzaindia - ELB - Ostia

Laborantza lurren sinbologiari so egin diote militanteek behin baino gehiagotan. Hasieratik errana dute: «Marienea laborantza lurra da, eta hango belardiak betidanik landuak izan dira»; horren erakusteko egin zuten maiatzaren 17ko ekintza. Orain, berriz, erasotzaileak saiei konparatu dituzte, eta, nolazpait, txorimaloak eginen dituzte horien uxatzeko.

2014tik, bazterrak harrotu ditu Kanboko herri sartzean eraiki nahi duten etxe multzoak. Mobilizazio andana bat antolatu dituzte auzapezaren taldeak bultzatu Marieneko lurren artifizializazio saiakeraren kontra, eta auzitara ere heldu da gaia, elkarteek helegiteak aurkeztu baitzituzten administrazio auzitegian, hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitze baimenaren kontra.

Militanteak ere auzipetu dituzte desobedientzia ekintzetan parte hartzeagatik, eta baita Kanboko herriko kontseiluan izandako gertakarietan Christian Deveze auzapezari eraso egitea leporatuta ere; irailean izanen dute auzia. Iazko maiatzean, taktikak bateratu eta Marienea gelditu arte mobilizatzera engaiatu ziren eragileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.