Pastor
Darwin eta gu

Erdara da oztopoa

2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Hasi da kanpaina eta pozik dago Espainia: Eusko Legebiltzarrean inoizko gehiengo abertzale handiena izango omen den arren, gurean ez da mugimendu apurtzailerik espero. Pragmatismoa eta zuhurtzia ditugu nagusi. Kanpainan hitz potoloren batzuk esango dituzte, agian, baina kontrako eztarritik pasatu barik. Ametsak urrunean eta oinak lurrean.

Herritarren eguneroko kezkak izango dira hautagaien mezuetan. Hori dela eta, Osakidetza izan du ardatz Imanol Pradalesek. EAEko osasun zerbitzu publikoaren arrakalak konpondu nahi dituzte orain gure agintariek. Direnak eta ez direnak egingo ei dituzte. Mediku eta zerbitzu gehiago agindu ditu politikari jeltzaleak Laudion eginiko agerraldian. Araban. Non eta EAJren eta Bilduren arteko lehia bizien dagoen probintzian. Kasualitatea ote?
Gure osasun zerbitzuen kalitatea auzitan dagoen honetan euskararen gaia ere azaldu da. Hizkuntzaren normalizazioaren kontrako presioa alderdi eta hedabide unionistetatik etortzen da, batik bat. Eta beste aldean mezua irensten dugu. Azken adibidea duela bi aste izan genuen, kanpaina ofizialki hasi aurretik. Pradalesek adierazi zuenez, Osakidetzan inor ez da baztertzen euskaragatik. «Mediku onak» gura ditu hark, profesionalen jatorria edo hizkuntza edozein dela ere.

Alde batetik, jeltzalearen adierazpena zuzena da: euskara ez da Osakidetzako profesionalentzat oztopoa. Egunero ikusten dugu. Norberaren eskualdeko osasun zentroetan hizkuntzaren erabilera zein den jakiteko, hauxe izango genuke egin beharreko galdera: zenbat mediku, erizain eta bestelako langilek dakite euskaraz? Hainbat emaitza aterako lirateke, lekua zein den: denek, askok, oso gutxik… Orain, irten kalera Bilbon, Gernikan, Gasteizen, Amurrion, Beasainen eta Donostian eta herritarrei galdetu osasun zentroetan zenbat profesional mintzatzen diren erdaraz. Burutik eginda ote zauden begiratuko dizute, beste planeta batetik erori bazina bezala. Erdararen presentziari buruz galdetzea barregarria litzateke. Izan ere, denok dakigu: profesional guzti-guztiek dakite espainieraz.

«Diskriminazioaren sinonimo bihurtu dugu euskara. Ahaztu egiten zaigu diskriminazioa beste aldetik datorrela»

Beste alde batetik, engainagarriak dira jeltzalearen hitzak: zer da mediku onak hobestea, haien jatorria edo hizkuntza edozein dela ere? Horrek ez du ez bururik ez buztanik. Izan ere, hizkuntza bat baino ez da nagusi eta hizkuntza bat baino ez da eskatzen eta inposatzen Osakidetzan: espainiera. Hizkuntza «edozein dela», ez. Hizkuntza «espainiera bada», bai. Pradalesek nahi dituen mediku onek tokia izango dute EAEko osasun zerbitzu publikoaren sisteman erdaraz badakite. Espainieraz primeran moldatzen badira. Soil-soilik baldintza hori betetzen badute.

«Euskara ez da oztopoa», esan du Imanol Pradalesek. Ñabardura garrantzitsu bat egitea ahaztu zaio, baina: erdara da oztopoa. Espainolez ez badakizu, ez duzu lanik egingo Osakidetzan, medikurik prestatuena bazara ere. Sendagile ona baldin bazara, eta euskalduna, ez duzu jarduterik izango espainieraz jakin ezean. Hortaz, EAJren lehendakaritzarako hautagaiak hobe luke kontua beste era batera formulatzea: Osakidetzan «ezinbestean espainolez dakiten mediku onak» baizik ez ditugu onartzen. Baionako sendagile bikaina bazara, eta euskalduna, ez duzu Osakidetzan lan egiteko aukerarik izango, espainieraz zoragarri ez badakizu. EBren barruko herritarra izango zara, Akitaniako Erregiokoa, baina ez duzu arlo horretan lanposturik lortuko espainolez egin gabe. Alta, EBz kanpoko medikua bazara, araudia malgutu ez, zeru-lurrak astinduko dituzte hemen lekutxo bat izan dezazun. Espainieraz baldin badakizu, bistan dena.

EAJren hautagaiak argi utzi nahi izan du hizkuntza ez dela diskriminazio tresna izango. Hizkuntza esaten dugunean euskarari buruz ari garela suposatzen da beti. Diskriminazioaren sinonimo bihurtu dugu euskara. Ahaztu egiten zaigu diskriminazioa beste aldetik datorrela. Erdaratik edo, hobeto esan, erdaldun elebakarrarengandik. Berak baztertzen du euskara. Berak bazterrarazten digu euskara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.