Ipar Euskal Herriko haurrak izan ziren lehenak, irailaren 1ean; nafarren txanda izan zen ostiralean; eta gaur ailegatu zaie ordua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako umeei: hasi da 2026-2027ko ikasturtea, itzuli dira ikasgeletara. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Amurrioko Mendiko eskolan (Araba) egin du ikasturtea abiatzeko ekitaldia, eta zenbait datu eman ditu: 280.386 ikasle —aurreko ikasturtean baino %4,2 gutxiago— matrikulatu dituzte HH Haur Hezkuntzan, LH Lehen Hezkuntzan, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, eta gehien-gehienek D ereduan —euskara hutsezko eredua, gaztelera eta ingelesa irakasgai izanda— ikasiko dute: %79,4k.
Horra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren argazkia. Jaiotze tasaren jaitsiera ikasgeletan eragiten ari da: 280.386 ikasle egongo dira HHtik Batxilergora, aurreko ikasturtean baino 12.291 (%4,7) gutxiago. Jaitsiera, gehiago edo gutxiago, etapa guztietan nabari da: %4,4 ikasle gutxiago egongo dira HHn; LHn, %4,7 gutxiago; DBHn, %2,8 gutxiago; eta Batxilergoan, %5,8 gutxiago. Sareen arteko banaketari dagokionez, berriz, azken urteetako bertsua da matrikulazioa: sare publikoak eskolatzen ditu ikasleen %50,7; itunpeko sareak, aldiz, %49,3. Eta gurasoek, batez ere, euskarazko hezkuntza hautatzen dute: D ereduan ikasiko dute ikasleen %79,4k. Dena den, badago aldea mailaren arabera: HHn, LHn eta DBHn, %80,4 daude eredu horretan matrikulatuta; B ereduan, %15,6; eta A ereduan, %5. Batxilergoan, berriz, A ereduak pisu handiagoa du: eredu horretan ari dira ikasleen %21.
29.019Bost ikasturtean galdutako ikasle kopurua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak 29.019 ikasle galdu ditu bost ikasturtean; hots, 2021-2022ko ikasturtean, 309.405 ikasle zeuden matrikulatuta; 2026-2027koan, berriz, 280.386.
Ikasle gutxiago, baina hezkuntzako profesional gehiago. Hezkuntza Sailak ikasgeletako aniztasunari «erantzun espezifikoa» eman asmo dio, eta, horretarako, ikasturte honetan 5.476 profesional gehiago izango dira, azken ikasturtean baino 328 gehiago. Orotara, 32.000 profesional baino gehiago arituko dira sare publikoan lanean.
Ildoak zehaztuta
Hezkuntza Sailak ikasturte hasieraro argitaratzen duen antolaketa ebazpenak bi ikasturterako ildoak zehaztu ditu lehenengo aldiz. Irakurmenean, matematikan eta zientzietan emaitzak hobetzea da Hezkuntza Sailaren xedeetako bat, saileko arduradunen arabera: «Ikastetxeek hobekuntza helburuak eta helburu horiek lortzeko beharrezko jarduerak zehaztu beharko dituzte, eta hainbat gai indartu, hala nola akordio didaktiko komunak egin, hainbat arlotan eta ikasgaitan irakurketa sistematizatu, arazoak ebatzi eta gela arruntaren barruan laguntzak antolatu».
Ikasleen euskara mailak ere kezka sortu izan du sarri. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak indartu egingo dira, «ikastetxe bakoitzaren hizkuntza politikan aurrera egiteko tresna gisa»; EAEko Hezkuntza Legean jasota dago ikastetxe orok eduki beharko duela hizkuntza proiektua, eta ikasleek euskaraz nahiz gazteleraz B2 maila izan beharko dutela DBH amaitzerakoan.
Teknologiaren eta bereziki adimen artifizialaren erabilera ere bada erronka bat eskoletan. «Lehentasunezko eremuetako bat ikasleen prebentzioa eta osasun digitala indartzea izango da, pantailak modu orekatuan, kontzientean eta egokian erabiltzea sustatuz».
DBHn, berrikuntza nagusietako bat zera izango da: Hezi+ programa indartzea. Horren bidez, institutuetan goizez ematen dituzte derrigorrezko eskolak, eta arratsaldez, ikasleek nahi badute, aukera dute zenbait ezagutza indartzeko.
LAB, baliabide eske
«Hezkuntza publikoa indartzeko, ezinbestekoa da baliabidez hornitzea». Horixe aldarrikatu du LAB sindikatuak, ikasturte hasieraren kari Mendiko eskolaren atarian egin duen protestan. Nabarmendu dutenez, arrazoirik ez dute falta protestarako. Zerrendatu egin dituzte: Hezkuntza Sailaren «inprobisazioa», «arduragabekeria», «noraeza», «itxurakeria», erabakiak «alde bakarrez» hartzea eta 2025eko greba zikloa amaitzeko balio izan zuen akordioa osorik ez betetzea. Horiek horrela, eskola publikoaren beharrei «lehentasunez» erantzutea galdegin dute.
