Eric Olhatz ikuskatzailearen kontrako ikerketan beste biktima bat identifikatu dute, hamargarrena

Beste biktima baten lekukotasuna gehitu diote dosierrari; hamargarrena da. Irudi pedopornografikoak edukitzea eta adingabeei sexu abusuak egin izana leporatzen diote Olhatzi.

Eric Olhats artxiboko irudi batean. BERRIA.
Eric Olhatz, artxiboko irudi batean. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urtarrilaren 11
17:40
Entzun

Eric Olhatz futbol ikuskatzailearen kontrako ikerketan, beste biktima baten —hamargarrenaren— lekukotasuna bildu, eta Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak instrukzio epailearen esku dagoen dosierrean sartu du. Adingabeei sexu abusuak egiteagatik eta irudi pedopornografikoak edukitzeagatik ikerketapean daukate Olhatz. Kasu gehienak 1997. eta 2002. urteen artekoak dira. Baionako Aviron Bayonnais futbol taldean lanean ari zen orduan. 2021ekoak ere badaude, ordea. Biktima guziak gizonak dira, eta salatu dutenak adingabeak ziren erasoak gertatu zirenean.

Iragan urteko martxoaren 23an, kontrol judizialpean aske utzi zuten Olhatz, 11 hilabete kartzelan eman ondotik. Ez du eskubiderik kirol aretoetara sartzeko, ezta adingabeekin harremanetan izatea eskatzen duen edozein aktibitate egiteko ere. Ezin da harremanetan sartu biktimekin eta haien hurbilekoekin.

60 urteko gizona errekrutatzailea zen Baionako Aviron Bayonnais futbol taldean. Ez da behatzailea salatu duten lehen aldia. 2009ko urrian, Realak Frantzian zuen behatzailea zenean, behin-behinean kanporatu zuen talde txuri-urdinak: adingabeak galbidean jartzeagatik kondenatu zuten. Epaiaren arabera, Olhatzek «sexu eduki desegokia» zuen SMS bat bidali zion ordezkatzen zuen 13 urteko jokalari bati. Hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, hamar hilabetez adingabeekin lan egitea debekatu zioten, eta jokalariari eta haren gurasoei kalte ordain bat ere ordaindu behar izan zien. Olhatzen defentsak argudiatu zuen txantxa bat izan zela. 2010ean, Paueko auzitegiak errugabetu egin zuen. Realarentzat lanean jarraitu zuen 2018ko uztailera arte.

Futbolaren munduan, Olhatz ezaguna da berak deskubritu zuelako Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.