Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa tentsio eremu izendatzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

LAB sindikatuak manifestazioak egingo ditu urriaren 3an eta 4an, eta Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek gaur egingo dute mobilizazioa, 19:00etan. Hainbat lagun kanpaldia egiten ari dira Bilboko Arriaga plazan, etxebizitzaren egoera salatzeko.

Arriagako kanpaldia, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arriagako kanpaldia, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko irailaren 29a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Madrilen abiatutako eskaerak Gasteizeraino heldu dira. Madrilgo Maizterren Sindikatuak azken egunetan kanpaldi bat abiatu du Espainiako hiriburuan, herrialde hartako gobernuak errege dekretu bat ondu dezan maizterrak babestuko dituena. Bada, ELA sindikatuak bat egin du eskaera horiekin, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren esku daudela etxebizitzaren arloko hainbat eskuduntza. Hori kontuan harturik, protestak Espainiako Gobernuari soilik ez egiteko eta Lakuari begira ere jartzeko eskatu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa tentsio eremu izenda ditzala».

Lakuntzak nabarmendu du neurri horrek ez duela «dena» konponduko, baina uste du bidea erraztuko lukeela «erabaki batzuk» hartzeko. Izan ere, gaur Bilbon egin duen agerraldian, ELAko idazkari nagusiak esan du «orain arte egindako politiken porrotaren» ondorio dela etxebizitzaren gaur egungo krisia.

LAB sindikatuak ere antzeko jarrera adierazi du. Azaldu du etxegabetzeen auzia ez dela Euskal Herritik kanpo gertatzen den zerbait, eta «hemen ere» badaudela «Testa Homes, Adalquiler eta halako putre funtsak». ELAk bezala, LABek ere Espainiako Maizterren Sindikatuen lana goraipatu du, eta Espainiako Gobernuak jasotako edukiak babestu ditu.

Horiek horrela, lau mobilizazio prestatu dituzte: manifestazioak egingo dituzte urriaren 3an, larunbatean, Donostian (Bulebarrean), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazan) eta Iruñean (Merindadeen plazan), 12:00etan; igandean, hilak 4, berriz, Bilbon deitu dute manifestaziora, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta. Mobilizazio horien helburua zera da, besteak beste: alokairu guztiak «modu iraunkorrean» luzatzea; logelen eta aldi baterako alokairuen «iruzurra» amaitzea; etxegabetzeak bukatzea; putre funtsen erosketa «espekulatiboak» gelditzea; eta prezioak jaistea.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, berriz, iritzi dio Espainiako Gobernuak proposatutako etxebizitza dekretua «langile klasearen benetako eskaeretatik eta beharrizanetatik oso urrun» dagoela. Hori dela eta, mobilizazioak antolatu dituzte gaurko, denak 19:00etan: Bilbon (Areatza), Donostian (Bulebarra), Iruñean (Gobernu Ordezkaritza) eta Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plaza).

Arriagan kanpaturik

Bilboko mobilizazioa Arriagan antolatu izana ez da zorizko erabaki bat. Izan ere, atzotik hogei bat lagun daude bertan kanpaturik. Espainiako zenbait hiritan abiatutako mugimenduen hariari heldu diote Arriagaraino ekintzaileek, eta gaur kontzentrazioa egingo dute bertan, 18:00etan. Haien helburua, besteak beste, elkarretaratzearen ostean bertaratutakoak kanpaldian geratzea da. BERRIAri adierazi diotenez, ez dute kanpin dendak laster kentzeko asmorik.

«Lehenago hasi behar genuen mobilizatzen: gaur egun dugun egoera jasanezina da», adierazi du Paula Hernandezek, Arriaga plazan. Hernandez beste hiru lagunekin joan da kanpaldira, uste baitu «urrunegi» heldu dela etxebizitzaren egoera. «Amorrua» ematen dio oraingo egoerak, eta protestak erakunde publikoak mugiarazteko balio izatea nahi du: «Jabeen alde egoteari utzita gu babesten hastea nahiko nuke; zaurgarrienak babestu behar dituzte».

Hainbat dira Arriagan bildutakoen egoerak: batzuk, gurasoekin bizi direnak, etxetik joatea ekonomikoki ezinezkoa zaielako; beste batzuk, etxea beste lau pertsonarekin partekatzen dutenak; eta kontraturik gabe alokairuan daudenak, besteak beste. Azpimarratu dutenez, ez dira sindikatu baten izenean mobilizatu, eta gehienek sare sozialen bidez izan dute kanpaldiaren berri.

«Humanismoagatik» elkartu dela azaldu du Isusko Blanco Insaustik. Haren aburuz, kanpaldiaren txinparta etxebizitzaren egoeraren aurkako mobilizazioa izan den arren, «zeharkako borroka» baten parte da Bilbon aurrera eramaten ari diren ekintza. Dena dela, argi du ez dela Arriagatik joango etxebizitzaren aferari «benetako konponbide bat» aurkeztu arte: «Dekretuak benetan egunerokoan eragingo duten neurriak izan behar ditu; ezin da izan gu isilarazteko soilik. Zeren, orain ez, orain ez gara isilduko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA