Erkoreka izango da Jaurlaritzaren ordezkaria eskumenen eskualdatzea negoziatzeko

Gobernantza eta Autogobernu Sailetik kanpo, eskualdatzeen egutegia negoziatzeko ardura izango du Iñigo Urkulluren gobernu berrian. Koronabirusaren krisiak atzeratu egin du hori ere.

Erkoreka, Lehendakaritzan, abuztuan. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko irailaren 8a
11:19
Entzun

Josu Erkorekak berebiziko garrantzia izango du Eusko Jaurlaritza berrian. Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu izateari utzi dio, baina lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu izango da gaurtik aurrera. Horrez gainera, Gernikako Estatutuko eskumenak eskualdatzeko Transferentzien Batzorde Mistoko burua ere izango da, gaurko EAEko aldizkari ofizialaren arabera, baita Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko batzorde mistokoa ere.

Erkorekak eskumenak eskualdatzeko egutegi bat negoziatu du aurten Espainiako Gobernuarekin, Autogobernu sailburua zela, eta zeregin horretan jarraitzeko aukeratu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Iragan otsailean aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak egutegia. Haren arabera, 2022. urterako osa liteke guztiz Gernikako Estatutua, bete gabe lau hamarkadatik gora igaro eta gero. Koronabirusak eragindako krisiak, ordea, atzeratu egin ditu negoziazioak. Ekainean egin zituzten berez martxoan egitekoak ziren negoziazioak. Egutegi haren arabera, urtea bukatzerako Eusko Jaurlaritzaren esku behar lukete espetxeen kudeaketak, errepideko garraioak eta itsasertzaren kudeaketak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.