Pedro Sanchez Espainiako behin-behineko presidenteak berriki esan du Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezar daitekeela gobernua behin-behinean egonda ere, eta Kataluniako autogobernua mugatu daitekeela "legez kanpo" kokatzen bada. Horri erantzuteko, Erkorekak esan du Iñigo Urkullu lehendakariak "irmo" adierazi duela "ez orain eta ez inoiz" ez dela "beharrezkoa" Katalunian 155.a ezartzea.
Gainera, halako burutazioen ostean, hausnarketa "publiko bat" egin nahi izan du Jaurlaritzako bozeramaileak: "Funtzioetan dagoen gobernu batek autogobernua bertan behera utz badezake, Gernikako Estatutua osatzeko egin behar diren eskumenen transferentziekin segitu dezake". Halaber, gogorarazi du Gernikako Estatutua Espainiako Gorteek onartu zutela, eta, ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek erreferendumean berretsi zutela.