Kataluniako egoera politikoak eta azken orduetako gertakari larriek tokia izan dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Atzoko espetxeratzeak salatu eta Kataluniarekin bat egiteko ordua dela esan dio Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari. "Zer asmo du Jaurlaritzak Kataluniako errepublika independentearen inguruan?", galdetu dio koalizioko kideak Erkorekari. Agirreren esanetan, Kataluniako errepublika independentearen alde egotea "demokraziaren" alde egotea da, eta "behingoagatik" han gertatzen denari "herri gisa" erantzuteko garaia da.
Atzo Kataluniako Gobernuko zortzi kontseilari kartzelatu izana kritikatu du Agirrek eztabaidan, eta galdera egin die Jaurlaritzako sailburuei: "Imajinatzen duzue zeuen burua buzo zuri batekin Sotoko espetxean?". Agirrek galdetu du Jaurlaritza zer egiteko prest dagoen hori ikusirik: "Errespetua ongi dago, baina ez da nahikoa. Aitortza ezinbestekoa da, aitortzea delako Kataluniari babesa ematea, konpromisoa agertzea, laguntzea, erasotzaileei aurre egitea... Hori behar du Kataluniak".
Erantzunaren txandan, Erkorekak saihestu egin du Kataluniako errepublika independentea babestea. Areago, azpimarratu du Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an ez zuela errepublika independentea aldarrikatu, eratze prozesua abiatu baizik. "Esaldi horrek esaten duena esaten du, baina ez du esaten esaten ez duena. Beste gauza bat da zuk nahiago izatea Kataluniako Parlamentuak beste adierazpen bat egin izana, baina ez da horrela izan", esan dio EH Bilduko legebiltzarkideari.
Erkorekaren ustez, abenduaren 21eko hauteskundeak dira orain Kataluniako agenda politikoaren lehentasuna, eta, alde horretatik, Jaurlaritzak "errespetua" agertu die Kataluniako eragileek hartzen dituzten erabakiei. Atzoko espetxeratzeei dagokienez, Erkorekak salatu du Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia "neurrigabea, zentzugabea eta kaltegarria" dela.