Zeresana ematen jarraitzen du EH Bilduk, UP Unidas Podemosek eta PSOEk herenegun lortutako akordioak, 2012ko lan erreforma indargabetzeko asmoz adostutakoak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak garrantzia kendu dio hitzartutakoari, haren arabera ez baitu indarrean dagoena ordezkatzeko arautegirik zehazten. «Beraz, ezer ez esatea bezala da», esan du, Herri Irratian emandako elkarrizketa batean.
Bide batez, Madrilen politika egiten ari dela eta, «harrituta» agertu da koalizio subiranistaren «muturreko aldaketarekin». Nabarmendu du hori bera egiteagatik «traidore» deitu izan diotela EAJkoei. Gogoratu du bera hamalau urtez izan zela diputatua Espainiako Kongresuan, eta «ezker abertzaleak» EAJ kritikatu izan duela horregatik. «Deitu izan digute espainolak, amore emaileak, eta orain haiek egin nahi dute Madrilen guk beti egin izan duguna: euskal gizartearen onerako akordioak lortzea»
Erkorekaren esanetan, ez daki zein bide egin dezakeen Madrilen hiru alderdiek hitzartutakoak, hiruren artean iritzi «kontraesanezkoak» daudelako. «Batzuek esaten dut akordioa dagoela, besteek ezetz, besteek eduki jakin bat duela, besteek adierazitakoarekin alderatuta diferentea dela».
Dena dela, «hitzartutakoaren literaltasunari» heltzen bazaio, «langileentzat askoz ere okerragoa» dela iruditzen zaio. «Indargabetzen da indarrean dagoena, hutsune normatibo bat sortzen da, eta hori askoz ere okerragoa da langileentzat; oihaneko legea da orduan, eta enpresariak nahi duena egiten du».
Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, EH Bilduk, UPk eta PSOEk hartutako konpromisoaren «helburua» beste bat da. «Nahi izan da mezu esklusiboki komunikatzaile bat artikulatu, eta lortu dute arreta publikoa hor jartzea denbora batez, pare bat egunez, baina gero ikusi beharko da zer ateratzen den honetatik eta non».
Mendia eta «gaitzespena»
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, ezingo luke «gobernua partekatu» EH Bildurekin, ez duelako «gaitzetsi» herenegun gertatutakoa: Patxi Ruizen aldeko panfletoak eta pintura gorria bota zituzten Mendiaren etxeko atarian. Izan ere, Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hautagaiak atzo nabarmendu zuenez, «ezkerreko hiruko bat» osatzea du helburu.
PSE-EEko buruzagiak garrantzia kendu dio herenegun PSOEk eta EH Bilduk hitzartutakoari: «Alderdi Sozialista akordioak lortzeko gai izan da, are Euskadiren historiako garai txarrenetan ere». Hortaz, pentsatzen du Madrilen lortutako akordioak erakusten duela PSOE ez dela alderdi «baztertzaile bat».