Pilar Garridok «ezkerreko hiruko bat» du helburu

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hautagaiaren ustez, bere alderdia da EH Bilduren eta PSE-EEren artean akordioak lortzeko «zubia»

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia izateko hautagaia, iazko apirilean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
EAEn «gobernu aldaketa bat» ahalbidetu ahal izateko, «ezkerreko hiruko» baten bueltan «bildu» beharko lukete Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta PSE-EEk: hori uste du Pilar Garrido alderdi morearen EAEko adarraren idazkari nagusi izateko hautagaiak, eta, hain zuzen, bat egite hori izango du helburu. Hautagaitza aurkeztu zuen atzo, baina ez zuen jakinarazi zeintzuek osatuko duten 20ko zerrenda. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia izango da horietako bat —«protagonista» izango dela adierazi zuen hautagaiak—, eta Gorrotxategik berak, hain zuzen, Garridok planteatutako helburu bera plazaratu izan du.

Bideokonferentziaz egindako agerraldian azaldu zuenez, erronka nagusia izango da «herri batasuneko benetako mugimendu bat» eraikitzea, «eredu alternatibo» batekin. Haren arabera, mugimendu horrek «gizarte zibil antolatuarekin» erlazionatuta egon beharko luke.

Kongresuan ikusitakoa

Garridori iruditzen zaio helburu horiek lortzeko ahaleginean Ahal Dugu dela EH Bilduren eta PSE-EEren arteko akordioak lortzeko «zubia». Gogoratu du hori agerian geratu zela herenegun, «berriro», Madrilen, PSOEk, UP Unidas Podemosek eta koalizio independentistak lan erreforma indargabetzea adostu zutelako. «Unidas Podemos egongo ez balitz, itun horiek nekez egingo ziren. Argi dago gai dela bere bazkide sozialistaren eta EH Bilduren artean akordioak ehuntzeko».

Alderdiaren zuzendaritzan ahalik eta sektore gehien bildu nahi ditu Garridok, baina Lander Martinez aurreko idazkari nagusiaren taldekoak —dimisioa eman zuen otsailean— ez dira zuzendaritzan egotekoak. Maiatzaren 28ra arte dago irekita hautagaitzak aurkezteko epea, baina, hautagai independenteren bat primarioetara aurkeztuta ere, Garridorena izango da irabazteko aukerak edukiko dituen bakarra.

Hurrengo idazkari nagusia aukeratzeko bideokonferetzia bidezko kanpaina ekainaren 9tik 17ra egitekoa da; militanteak ekainaren 12tik 17ra dira telematikoki bozkatzekoak, eta, ondo bidean, ekainaren 19an argitaratuko dituzte emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.