Erleen eta herritarren auzolana Añorben

XVIII. mendeko erlategi bat zaharberritzeko lanak abiatu dituzte Añorben. Boluntarioen helburuetako bat erleek inguruko naturan duten eragin positiboa ikertzea da.

Lau emakume Añorbeko erlategirako saskiak egiten. NAFARROAKO GOBERNUA
Lau emakume Añorbeko erlategirako saskiak egiten. NAFARROAKO GOBERNUA
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 20a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian gero eta erle gutxiago daude, eta gero eta urriagoak dira, halaber, erleak hazteaz arduratzen diren erlezainak ere. Baira batzuk, baina erlezain horiek antzinako metodoak alde batera utzi eta prozesu modernoagoak erabiltzen dituzte. Añorbeko herritarrek (Nafarroa), ordea, XVIII. mendeko erlategi bat zaharberritzeko lanak dituzte abian: Populo erlategia, hain zuzen. Boluntarioek osatutako proiektua da, eta udalerriko natura «era jasangarri batean mantendu eta garatzeko» helburua dute.

Erlategiak herriaren historian izandako garrantzia eta erleek naturan dituzten onurak kontuan izanik abiatu dituzte erlategia lehengoratzeko lanak. Natura era jasangarrian mantentzeko xedeaz gain, beste bi helburu ditu proiektuak: erleek ekosisteman dituzten onurei buruz gehiago jakitea eta desagertzeko arriskuan dauden erlategiak zaharberritzea. 

Zaharberritze prozesuan den erlategira bisita egin du gaur Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari Ana Bretañak, eta proiektuak duen garrantzia azpimarratu du: «Halako behin-behineko esku hartzeek berebiziko garrantzia estrategikoa dute ingurumen politika publikoetan. Izan ere, natura lehengoratzen eta gure herrietako ondare naturala zaintzen laguntzen dute». Nafarroako Gobernuak 10.000 euroko laguntza ekonomikoa eman dio egitasmoari; proiektuak 12.938,56 euroko aurrekontua du guztira.

Añorbeko erlategiaren irudi bat. NAFARROAKO GOBERNUA
Añorbeko erlategiaren irudi bat. NAFARROAKO GOBERNUA

Populo erlategia 13,5 metro luze eta 3,5 metro zabal da, eta ehun zulo zituen, bakoitza erlauntz baterako. Gainera, batetik bestera igaro ahal izateko korridore bat dago, bi metro zabal dena. Erlategiaren inguruko lehen aipamenak 1765eko testuetan topa daitezke. Eztia egiten zuten bertan; izan ere, klase pobreenek eztia erabili ohi zuten janaria gozatzeko, harik eta XX. mendean azukrearen prezioa apaldu zen arte. Hala ere, eztia ez zen Añorbeko erlezainek ekoizten zuten produktu bakarra. Are, produktu nagusia kandelak ziren.

XX. mende hasieran, ostera, produkzioak behera egin zuen, eta urteek aurrera egin ahala gero eta erlezain gutxiago geratu ziren. Horiek horrela, XX. mende hasieran bertan behera utzi zuten erlategiko ekoizpena, eta etxola hondatu egin zen denboraren poderioz.

Boluntarioak eta ikasleak

Gaur egun 49 lagunek osatzen dute boluntario taldea, baina denak ez dira erlategia lehengoratzeaz arduratzen. Izan ere, askotarikoak dira Populo erlategia berriz martxan jartzeko egin beharreko lanak. Azken mendean hazi diren sastrakak ingurutik kendu behar dira, eta horien ordez bertako landareak landatu, besteak beste. Zaharberritze lanei dagokienez, bestalde, tokiaren egitura ez da lehengoratu beharreko gauza bakarra: erleek saskiak egin behar dituzte argizaria utzi eta beren erreinua sortzeko, adibidez.

Uztailean hasi ziren Añorbeko bizilagun horiek zaharberritze lanetan, eta inguruko herrietatik ere heldu da jendea laguntzera. Izan ere, azaroaren 30era arte arituko dira lanean, eta boluntario gisa aurkeztu nahi duenak aukera du Internet bidez izena emateko.

Halere, boluntario guztiak ez dira erlategiaren inguruan ibiliko. Erleek ekosisteman duten eragina aztertzea denez proiektuko helburuetako bat, sustatzaileek horren inguruan lortutako datuak ikastetxeekin partekatuko dituzte. Horrez gain, erleen inguruan ikasteko eta naturarekin zuzenean harremanetan egoteko aukera ematen duenez, Añorbeko ikastetxeko ikasleak irailaren 11n egongo dira bertan. Erleen inguruan ikasteaz gain, haien herriaren historia erleen begietatik ikusteko aukera izango dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA